Espainiako Txirrindularitza Txapelketak utzi duena

Guaixe 2010eko ekainaren 28a

Albaceten jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak zapore gozoa utzi du. Igandean profesionalen mailako lasterketa jokatu zen, 226 km-ko proba, eta Caisse d´Epargneko Jose Ivan Gutierrez bakarrik heldu zen helmugara (4:49:16), Valverderen zigorrak kinka larrian utzi duen taldeari egun bateko poztasuna emanez. Txirrindulari sakandarrak ez ziren gaizki aritu. Egoi Martinez 12.a izan zen, 31 segundora, Gorka Verdugo 35.a, 2:02ra, Imanol Erbiti 50.a, denbora berean eta Xabier Zabalo 56.a, 10:24ra.  Bestalde, gogoratu 23 urtez azpiko erlojupekoa Rural Kutxa talde kontinentaleko Jesus Herradak irabazi zuela. Cuencako txirrindularia Gaztela Leongo selekzioarekin aritu zen eta nagusitasun handia erakutsi zuen 25,4 km-ko erlojupekoan, 32:34 denboran osatu baitzuen proba, Andres Vigili bigarrenari 24 segundo aterata.