Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan haurren eta gazteen mailako Espainiako Pista Irristaketa Txapelketako finalak jokatu ziren Txantreako pistan. Sakanako hiru klubetatik - Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa Taldea eta Urdiaingo Aitziber - sei irristalari aritu ziren: Irantzu Imaz (Sutegi), Mireia Ribero (Sutegi), Gaizka Ocaña (Aitziber), Maialen Unanua (Aitziber) eta Saioa Baztan (Altsasu) haurren mailan, eta Cristina Aldeano (Altsasu) gazteen mailan. Bikain aritu ziren guztiak. "Finaletara heltzea jada izugarria zen guretako, eta horretaz gain, maila bikaina eman dute. Imaz, Ribero, Ocaña, Unanua eta Aldeano serietan klasifikatu egin ziren, finalerdietara pasaz, eta han oso ongi aritu ziren. Proba luzeetan 10-23 postuen artean sailkatu ziren eta kontuan hartu behar da 70 pasatxo ari zirela lehian. Eta proba motzetan askoz hobeki aritu ziren" dio haien entrenatzaile Juli Acebesek. Zenbait emaitza aipatzeagatik, Irantzu Imazek zilarrezko domina lortu zuen 500 m esprintean, eta Cristina Aldeano hamargarrena izan zen erlojupekoan. Maialen seigarrena sailkatu zen Espainiako Txapelketan, eta gainontzekoek oso lan ona egin zuten. "Oso kontentu nago. Kontuan hartuta entrenatzeko ditugun baldintzak ez direla batere egokiak handia da gure neska-mutilek egiten duten lana eta duten maila bikaina. Iruñako taldeek esaten zidaten: baina zein talde ona duzun, denak sailkatu zaizkizu! Eta hori oso pozgarria da, bereziki eurengatik, lan handia egiten baitute" nabarmendu du Acebesek. Orain merezitako oporrak hartuko dituzte.