Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Imanol Erbiti sakandarrak ariko dira munduko lasterketa famatuenean. Talde lana egitea eta ahal diren aukerak aprobetxatzea izanen da euren egitekoaZein azkar pasatzen den denbora! Dagoeneko Frantziako Tourra ate joka dugu. Bihar abiatuko da le grande bouclé izenarekin ezagutzen den munduko lasterketa ezagunena, uztailaren 3an, Herbeheretako Rotterdamen, eta 8,9 km-ko atariko etapa eta 20 etapa jokatu eta gero, uztailaren 25ean despedituko da Parisen, txirrindulariak 3.642 km ibili eta gero. Ikusgarriak dira Tourreko datuak. Rotterdameko atariko etaparekin abiatuko da lasterketa, eta horren ondotik 20 etapa etorriko dira. Horietatik 9 etapa lauak dira, 4 etapa gorabeheratsuak, 52 km-ko erlojupeko bat eta mendiko 6 etapa. Guztira 25 portu gainditu beharko dituzte txirrindulariek, bigarren eta lehen mailakoak eta baita kategoria berezikoak ere. Alpeetan eta Pirinioetan ibiliko dira txirrindulariak, eta datu kurioso moduan, Tourmalet bi aldiz igo beharko dute. Atseden hartzeko bi atseden jardunaldi izanen dira, eta klasiko handien zaporea izango du Tourrak, hirugarren etapan galtzadarriko 7 eremuetan ibiliko baitira. Proba gogorra da, ikusgarria, eta askotan infernu hutsa. Martinezen zazpigarrena eta Verdugoren bosgarrenaZirko handia hasteko atzerako kontaketan gaudela, asteazkenean hartu zuten Rotterdameko bidea Euskaltel-Euskadikoak. Samuel Sanchez buru duen taldean Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak arituko dira. Aurtengoa zazpigarren Tourra izango da Egoirendako eta bosgarrena Verdugorendako. Biak beteranoak dira Tourrean, eta talde lana egitea izango da bere lana, eta jakina, aukerak badaude horiek aprobetxatzea. Izan ere, sailkapen orokorrean lan txukuna egitea baina bereziki etaparen bat irabaztea da Euskaltel taldearen helburua. Egoi eta Verdugo sasoiko daude, gogotsu, eta ihesaldietan sartzeko pronto arituko dira, ea amestutako etapa lortzen duten. Erbitiren estreinuaEgoi eta Verdugo beteranoak dira, eta aldiz, Hiriberriko Imanol Erbiti (Caisse d´Epargne) aurten estrenatuko da Tourrean. 26 urte ditu Erbitik, eta orain arte Giro bat, eta hiru Vuelta osatu ditu, eta bere bilakaera egokia izan denez, Tourrean aritzeko aukera heldu zaio. Ilusio handia du Hiriberrikoak, eta badaki oso gogorra izango dela, baina Tourra bukatzea da bere lehenengo helburua, Luis Leon Sanchez liderra laguntzea, eta ahal dela, sor daitezkeen aukerak aprobetxatzea. Bestalde, Jose Luis Arrieta (Ag2r) aipatu nahiko genuke. Iaz bere hamargarren Tourra jokatu zuen uhartearrak eta aurten ere Tourrean egoteko aukerak zituen, baina Suitzako Tourrean erorikoa izan zuen eta lesionatuta dago, besoko erradioko buruan haustura izan baitzuen. Pena handia da txirrindulari beteranoa Frantziako errepideetan barna ez ikustea, eta seguru asko bere taldekideek Arrietaren esperientzia, aholkuak eta berak egiten duen talde lan ikaragarria izugarri sumatuko dute falta. Uztaileko arratsaldeetan Tourra izango da nagusi Sakanako etxe gehienetan. Biharko atariko etaparekin abiatuko da dena eta hurrengo etapak esprinterrendako propioak izango dira, baina hirugarrenak galtzadarri eremuak izango ditu eta etapa arriskutsua izanen da. Gero iritsiko dira Alpeak eta geroago Pirinioak. Lasterketari dagokionez Alberto Contador (Astana) da faborito nagusia, eta berak eta Lance Armstrongen RadioShack talde ahaltsuak izanen duten borroka da ikusmen handiena piztu duena. Baina gainontzeko taldeak ez dira makalak eta euren aukera guztiak aprobetxatuko dituzte. Basso, Evans, Gilbert, Schleck anaiaketa beste ez dira ahaztu behar. Ea txirrindulari sakandarrek lan txukuna egiten duten, zortea aldeko duten eta ongi ibiltzen diren.