Urbasan ezinduendako moldatutako ibilbide bat prestatu dute

Guaixe 2010eko ekainaren 28a

Aurreko ostiralean Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria Urbasan izan zen. Sanzberrok ezinduendako egokitu berri duten ibilbide bat inauguratu zuen, baita bisitariendako informazio zentro berritua ere. Lan horiek departamentuak La Caixa erakundearen Gizarte Ekintzarekin sinatutako hitzarmen bati esker egin dira. Guztira 283.500 euro inguru inbertsioa egin dute. IbilbideaMorterutxon dago ezinduendako moldatutako ibilbidea eta 850 metro ditu. Ibilbidea moldatu dute, hain zuzen, jende guztiari, batik bat ezintasunak dituen jendeari, naturaz gozatzeko aukera emateko eta natur ingurune hori eskura jartzeko. Ibilbideak Natur Parkeko balio natural eta elementu interesgarri asko daude: pagadiak, larreak, sasitzak eta harkaitzak. Ikus daitezke, baita ere, tumulu megalitikoak, antzinako ikaztegi, harrobi zahar bat, artzainen bordak eta bagonetekin egurra ateratzeko trenbide zahar baten hondarrak; trenbide hori 50. hamarkadan erabili zuen RENFEk eta orain zaharberritu egin dute. Guztia seinaleztatuta dago. Ibilbidea egokitzearekin batera, 500 metrotan luzatu eta balizatu dute. Horrek bisita osatzeko aukera ematen du, baina azken zati hori ez dago egokituta. Lan horiek 103.500 euro balio izan dute, La Caixaren kontu. Ibilbidea irisgarri egiteko, aparkaleku egokitu bat egin dute eta bidearen zabalera, malda eta zola gurpil aulkiekin ibiltzeko moldatu dituzte. Bideak, gainera, ertzean zintarria dauka, itsuak gidatzeko, baita plaka metaliko batzuk ere, zolan, informazio guneak non dauden jakiteko; informazioa erliebearekin eta braille hizkuntzan jarri dute, itsuek irakurtzeko. Atseden hartzeko eserlekuak ere badaude. Horrez gain, sutegiak eta mahaiak jarri dituzte, gurpil aulkiendako prestatuak, bisitaz erabat gozatzeko.Obren parte bat Tasubinsa enpresak egin ditu eta lan batzuk urritasun psikikodun jendeak egin ditu, zehazki bederatzi lagunek. Gainera, ibilbidea eta informazio panelak diseinatu dituzte Nafarroako Minusbaliatu Fisikoen Koordinakundearen eta ONCEren laguntzarekin. Informazio zentroa berritutaIaz hasi ziren bisitariendako informazio zentroa birmoldatzen. Eraikina basozainek ere erabiltzen dute lanerako. Egin diren lanen artean daude bisitariak babesteko estalpe bat, argi gehiago sar dadin irekiguneak egitea, ur biltegi bat jartzea edota eguzki plaka fotovoltaiko bidezko argindar instalazioa. Lanek 180.000 euroko aurrekontua izan dute (La Caixak 120.000 eta departamentuak 60.000). Zentroan parkeko balioei eta ingurumen aldetik parkeak daukan garrantziari buruzko erakusketa txiki bat dago. Informazio praktikoa ere ematen dute, parkea bisitatzeko. Udaberrian eta udan egoten da irekita.110.000Bisitari kopuru hori izan du azken bi urtetan Urbasa-Andia natur parkeak, horrela banatuta: 70.000 Urbasan, 30.000 Urederran eta 10.000 Andian.