Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Urbasa-Andia natur parkeko patronatua Bioitza kanpinean bildu zen, Begoña Sanzberro kontseilaria buru zutela. Aztertu ziren gaien artean natur parkeko Larreen Ordenazio Plana izan zen. Haren zirriborroa apirila hasieran jaso zuten abeltzainek. Plan horretan jasotzen denez, azienda maiatzaren batean igo beharko litzateke eta azaroaren 15ean jaitsi. Plana onartuz gero, azienda mendian sei hilabete eta erdiz egonen litzateke. Gaur egun abeltzainek nahi dutenean igotzen dute azienda, departamentuak proposatu baino lehen eta beranduago. Beti ere, eguraldiaren arabera. Larreen Batzordeak hainbat bilera egin ditu eta jarrera ezberdinak azaldu badira ere gutxieneko eskaera bat egin diote departamentuari: datak malgutzea. Haren idatzizko erantzunaren zain daude eta jasotakoan Larreen Batzordeak bilera gehiago eginen ditu jarrera zehazteko. Abeltzainen beste eskaera bat da Larreen Ordenazio Planarekin batera egonen diren diru-laguntzak zehaztea. Antza, Sanferminen ondoren jasoko dute horren berri. Bestalde, badaude urte guztia mendian bizi diren sei abeltzain. Negu partean haien azienda ezin bada larratzen egon ikuiluan egon beharko dute. Baina duten aziendarako ikuiluak txikiak dira eta, legez, ezin dute handitu. Larreen Batzordeak departamentuari ohartarazi dio hain toki txikian hainbeste buru biltzeak osasun arazoa sortu dezakeela. Horregatik malgutasuna eskatu du. Bestalde, zenbait abeltzainek neguan mendi ikuilu erabilera egiten jarraitu nahiko lukete, baina administrazioak ez dago horren alde. Ur baltsakAzienda Urbasa-Andian larratzen ari den garaian edateko ura eskura izan behar duela dio Larreen Batzordeak. Horregatik behar-beharrezkoa ikusten dute ur baltsak egitea. Abeltzainak ordezkatzen dituen erakundeak baltsa iragazgaitzak egitea eta haietatik hornituko diren askak jartzea proposatzen du. Nafarroako Gobernuak milioi erdi litro ur bilduko dituzten baltsak egin nahi ditu. Abeltzainek, berriz, handiagoak nahi dituzte, milioi bat litro ur hartuko dutenak. Abeltzainak ere kexu dira egindako baltsa batzuen kalitatearekin. Iskizako baltsaren adibidea jarri zuten. Hura egin eta gutxira pareta hautsi egin zen. Berritu egin behar izan zen eta bitartean ez zuen bere egitekoa betetzeko biderik eman. Halakoak ez errepikatzeko lanak ematerakoan prezioaz aparte bestelakoei ere begiratzeko eskatu dute abeltzainek. PalazioaSanzberrok jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuak oraindik eraikina hotel bihurtzea edo halako erabilera bat ematen pentsatzen ari da. Horretarako inbertsore pribatu bat lortu nahi du gobernuak, baina"egungo ekonomia krisiarekin ez da iritsi". Patronatuko hainbat kide Nafarroako Gobernuaren asmo horren kontra azaldu ziren, berriro ere, eta Urbasako palazioan interpretazio gunea edota eskualdeko produktuen salmentarako gunea jartzea proposatu zuten. Hotela parkean bertan egin beharrean "natur parkearen inguruko landa-etxe eta ostalaritzan aberastasuna sortuko duen halako ereduen alde" azaldu ziren hainbat kide. Larreen Batzordeak, bestalde, gobernuaren asmo horren kontrako alegazioak aurkeztu zituen, eta oraindik ez du erantzunik jaso. Deialdia beranduNatur parkeko patronatua 40 bat kidek osatzen dute. Aurreko ostiralean 10 bat besterik ez ziren egon, gehienak abeltzainen ordezkariak. Patronatuko bilera deialdia hiru egun lehenago besterik ez zen iritsi. Bildutakoek deialdia lehenago bidaltzea eskatu zuten. 38.916 buruNatur parkera igo ziren buruak: 32.617 ardi; 3.932 behi eta 2.367 zaldi-behorAurreikusitako lanakNafarroako Gobernuak 1.042.000 euro inbertituko ditu 2010 eta 2012 bitartean. 2010erako jardunen bidez, larreak eta abereen segurtasuna, erabilera publikoko azpiegiturak, lurraldearen antolamendua eta fauna hobetuko dira. Modu horretan, erabilera publikoari dagokionez, aparkalekuak egokituko dira (harriak eta bestelakoak jarriko dira), Urbasako Informazio guneko erakusketan hobekuntzak eginen dira eta seinale berriak jarriko dira.2010ean larreekin lotutako jardun nagusiak hauek dira: Marmol putzua berreraikitzea, Ikomar putzua garbitzea, Sosan (Zaborrate putzutik aurrera) eta Olderitzen askak jartzea eta San Donato pistan putzu berri baterako sarbidea. Aurten egitea aurreikusten diren beste lan batzuk honakoak dira: abereen gaineko osasun-jardunak; sastrakak kentzea Astametan; txabolak garbitu eta eraistea; itxitura berriak Behekosare, Ordoz, Baiza eta Olaberrin; Urbasako eta Andiako perimetro-itxitura berrikustea; San Donaton itxitura berrikustea; Larraga putzuko askak; Lizarragako pareta berrikustea; Choas amildegia ixtea; eta Lizarraga amildegia garbitu eta ixtea.Mendi antolakuntzari dagokionez, natur parkeko aurtengo egiteko nagusiak ondokoak izanen dira: 50eko masako zurarendako bidea irekitzea Andian, Aitzaluzarako sarbidea hobetzea eta Otsaportilloko pista konpontzea. Era berean, aipagarriak dira etorkizuneko zuhaitzak markatzea, berritzeko markaketak, adarrak moztea, itxiturak berrikustea, zuhaitz arriskutsuak inaustea, berriz inaustea eta mintegia eta landaketak mantentzea.Aurten ere hainbat jardun osagarri eginen dituzte faunari lotuta: ugatzaren jarraipena egin da, ugatzarendako elikadura osagarriaren gunea mantendu da, hegazti arrunten jarraipena egin da, miru gorriaren jarraipena egin da, sai zuri, belatz handi eta arrano beltz ugaltzaileen errolda hamabost egunetik behin egin da; Andian eper grisa berreskuratzeko azterlana egin da; okil beltzaren errolda egin da; anfibioen putzuak itxi dira Peñablanca-Lezizan; eta saguzarrentzako kutxa-habiak jarri dira.EgindakoaAzken bi urteetan natur parkean egindakoak honakoak izan ziren: Andiako pagadiak antolatzeko proiektua eta zuraren eta enborren markaketak Basazelai, Mendarte, Bardoitza, Aitzalutza eta Iraolan nabarmendu behar dira. Era berean, Ordoz esparruan eta Barrangotan birsortze mozketen hondarrak zatikatu dira eta garbiketak egin dira Otsaportillo pistan eta Ordozen, eta azken horretan pista ere egokitu da. Gainera, Mendarte esparruan sastrakak kendu dira eta zenbait landare berriz landatu dira. Bestalde, mugen itxiturak konpondu dira, harrobiko pistan hesi kanadarra jarri da, Palacio pista hobetu da eta abereentzako ur puntu berriak sortu dira: putzu berriak (Eskiza eta Urgunza) eta askak (Ikomar, Kattalituri eta Saroiko pinudian). Era berean, esparruak itxi dira, amildegiak paretarekin edo hesiarekin itxi dira, amildegiak garbitu dira, Andia eta Lizarraga pista egokitu da eta Urgunzara joateko pista berria sortu da. Azken bi urteetan faunari lotutako jardun osagarriak ere egin dira, eta horietako batzuek aurten jarraipena izan dute. Aipatzekoak dira sai arre ugaltzailearen errolda, hegazti arrunten jarraipenak, anfibioen jarraipenak ur puntuetan, espergulariaren jarraipena, karramarroen jarraipena, putzuaren sorrera eta koleoptero xilofagoen azterlana Andiako pagadi lepatuetan.