Erorikoen etapan Petacchi nagusi

Guaixe 2010eko uztailaren 5a

Frantziako Tourra larunbatean hasi zen, Herbeheretako Rotterdamen jokatutako 8,9 km-ko atariko etaparekin. Etapa horretan Fabian Cancellara izan zen jaun eta jabe. Atzo ekin zioten lehen etapari, Rotterdamen hasi eta Bruselan despeditu zena. Eguneko ihesaldian Euskalteleko Alan Perezek, Quick Stepeko Wynantsek eta Rabobankeko Lars Boomek hartu zuten parte, baina esprinterren taldeek, Columbiak, Saxo Bankek eta Cervelok euren lana zapuztu zuten. Eta azken kilometrotan iritsi zen eromena, erorikoak jaun eta jabe izan baitziren. Lehen erorikoaren eragilea ibilbidean sartu zen txakur batek eragin zuen. Gorka Verdugo, Ivan Basso eta David Millarrengan izan zuen eragina, baina ez zuten minik jaso. Hurrengoa Amberesetik gertu gertatu zen, baina ez zen kalterik izan. Azken kilometroan hiru eroriko izan ziren. Cavendishek ez zuen bihurgune bat ongi hartu eta lurrera erori zen, eta bere atzetik zetorren Freirek ere zorte berbera izan zuen. Eta aurrerago, 700 metroren faltan, eroriko izugarri batek ia tropel guztian izan zuen eragina, eta lurrera erori ziren gehienak. Garaipena hogeitamar txirrindulari inguruk jokatu zuten eta Alessandro Petacchi izan zen azkarrena, Renshaw, Hushovd eta Mc Ewenen aurretik. Tropelaren erorikoa azken kilometroan gertatu zenez eta araudiari jarraituz, antolakuntzak denbora berbera eman zien eroritakoei. Sailkapen orokorrean Fabian Cancellara da liderra, Tony Martin 10 segundora duela. Imanol Erbiti hiriberriarra 69.a da, 55 segundora, Gorka Verdugo etxarriarra 80.a, 58 segundora, eta Egoi Martinez 163.a, 1:21era. Gaur Brusela-Spa etapa dago jokoan, 201 km-koa eta klasikoekin harremana duena, hirugarren eta laugarren mailako sei kota igo beharko baitituzte. Afizionatuak. Igor Romero bosgarrena Gatzagan. Igandean Gatzagan jokatutako 32. Dorletako Ama Saria Lizarte taldeko Javier Iriartek irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta. 17 segundora Rural Kutxa talde sakandarreko Igor Romero sartu zen. Aipatzekoa da denboraldi bikaina daramala Rural Kutxak, dagoeneko 20 garaipen lortu baititu. Rural Kutxako Victor De la Parte da txirrindulari aipagarrienetako bat, kalitate handiko lau garaipen lortu baititu: Aiztondo Klasikoa, Euskadiko erlojupeko txapelketa, Nafarroako Itzulia eta Circuito Montañeseko etapa bat.