Ihes egindako Chavanelek lortu zuen garaipena eta lidergoa

Guaixe 2010eko uztailaren 6a

Herbehereetan jarraitzen du Frantziako Tourrak, eta atzo beste etapa konplikatu bat pasa behar izan zuten. Quick Stepeko Sylvain Chavanelek eta beste 8 txirrindulariek tropela atzean utzi zuten 11.kilometroan. 7 minutuko aldea atera zuten, baina tropela lanean jarri zen atzean, eta errenta minutu batera jaitsi zenean Chavanelek erasoa jo zuen eta bakarrik egin zuen aurrera. Baina une horretan lasterketa guztiz baldintzatu zuen gertaera jazo zen. Helmugako 30 kilometroren faltan tropel erdia baino gehiago, faborito gehienak tartean, lurrera erori ziren. Kontua da Stockeu gaina jaisterakoan lurra irrisgarria zegoela, euria ari zuelako eta nonbait motor bati gasolioa erori zitzaiolako. Txirrindulariaz aparte, ikusleak ere erori ziren, lurra zein irrisgarria zegoenaren seinale. Tartean Armstrong, Contador, Schleck anaiak, Wiggins, Basso, Lemevel, Vandevelde... faboritoak zeuden, eta sakandarren artean Egoi Martinez eta Imanol Erbiti, baina ez dute aparteko minik hartu. Fabian Cancellara liderra ez zen lurrera erori eta aurrera egitea lortu zuen, 30 txirrindularien taldetxo batekin. Cervelo taldea Chavanel harrapatzeko lanetan hasi zen, baina Cancellarak hori ekidin zuen. Cerveloko Hunti esan zion lasterketa neutralizatua zegoela. Baina hori ez zen horrela. Kontua da bere taldekide eta buruak, Schleck anaiak, 5 minutura zeudela eta Tourrean inolako aukerarik izateko zorian zeudela. Horrela, erorikoan zeuden gehienak Cancellararen taldetxoarekin bat egiteko aukera izan zuten eta gainera, Cancellarak erregulartasun txapelketarako puntuak ez kontabilizatzeko eskaera egin zion antolakuntzari, honek onestu zuena. Bere maillota sakrifikatu zuen Cancellarak, baina bere taldeko buruak, Schleck anaiak Tourrean aukerak izaten jarraitzea lortu zuen. Horrela, Chavanel Spako helmugara bakarrik heldu zen (4:40:48), bide batez Cancellararen lidergoa eskuratuz. Ia lau minutura sartu zen tropela, Maxime Bouet (Ag2r) buru zela. Hiru sakandarrak, Erbiti, Verdugo eta Egoi, talde horretan iritsi ziren. Sailkapen orokorrean Chavanel da liderra eta Cancellara 2 minutu eta 57 segundora dago. Txirrindulari askok ez zuten begi onez ikusi atzoko etapan gertatutakoa eta gaurko etapa gogorrean berdin jokatuko ote den galdetzen diote bere buruari. Gaur klasikoetako etapa puru-purua jokatuko da, Wanzen hasi eta Arenbergen despedituko dena, eta txirrindulariek tartean galtzadarriko zazpi eremu oso arriskutsu pasa beharko dituzte. Zulaketak eta erorikoak ohikoak izaten dira etapa hauetan, eta irabazi baino denbora ez galtzea edo minik ez hartzea dute buruan txirrindulariek, faboritoek bereziki. Ea zer gertatzen den.