Sakanako Udako Triatloi Eskolan aritzeko aukera aparta

Guaixe 2010eko uztailaren 6a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Udako Triatloi Eskola antolatu du, uztailaren 19tik 23ra bitartean Urdiaingo igerilekuetan gauzatuko dena. Horretarako Urdiaingo Aitziber elkartearen, Nafarroako Kirol Institutuaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntza izan du Mankomunitateak. 10 urtetik 16 urte bitarteko gaztetxoak aritu ahal izango dira Udako Triatloi Eskolan. Uztailaren 19tik 23ra, astelehenetik ostiralera hain zuzen, goizeko 11:00etatik 13:00etara ariko dira lanean Urdiaingo igerilekuetan. Metodologiari dagokionez, atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza elkartzen dituen kirol honen teoria eta praktika uztartuko dira, jokoen bidez bereziki. Izen ematea uztailaren 12ra arteIzena emateko epea uztailaren 12ra arte dago zabalik Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 telefonoa edo kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoa). 25,9 euroko ordainketa egin beharko da, eta norberak dagozkion bidaiak antolatuko beharko ditu Urdiaingo igerilekuetara. Aipatzekoa da neguan triatloi eskolarekin jarraitzeko aukera egongo dela, asteazken arratsaldetan eta larunbat goizetan. Bestalde, uztailaren 24an jokatuko da Sakanako VIII. Triatloia, Urdiaingo igerilekuetan.