Frantziako Tourra. Aurreikusi moduan, galtzadarrien etapa "infernua" izan zen.

Guaixe 2010eko uztailaren 7a

Atzo jokatu zen akaso txirrindulariek beldur gehiena zioten etapa: Herbeheretako klasiko handien modukoa zen etapa, Wanzen hasia eta Arenbergen despeditu zena, 213 kilometrokoa eta galtzadarrizko 7 eremu zituena. "Paris-Roubaix txiki bat", Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarrak azaldu zuen moduan. Kontua da txirrindulariek arrazoi guztiz ziotela beldurra etapari, infernu hutsa izan baitzen. Gauzak ez ziren gaizki hasi, zazpikote batek ihes egin baitzuen, Caissen dabilen Hiriberriko Imanol Erbiti tartean. Galtzadarrizko laugarren eremura arte ihes eginda egon ziren, baina hor bukatu zen euren abentura eta hor erabaki zen guztia. Saxo Bank taldeak sekulako erritmoa ezarri zuen Schleck anaiek sailkapen orokorrean euren arerioei tartea ateratzeko, eta Fabian Cancellarak hartu zuen, bereziki, taldekideak tiratzeko ardura. Baina ez zitzaien guztiz ongi atera, Frank Schleck erori eta klabikula apurtu baitzuen. Schleck anai zaharrenak Tourrari agur esan behar izan zion eta hor hasi zen faboritoen sufrikarioa, bere erorikoak mozketa sortu baitzuen tropelean. Orduan posizioak hartzeko lehia gogorra zen tropelaren barruan. Aurrean Cancellara, Andy Schleck eta Evans zeuden, 16 segundora Armsrong eta 30 segundora Alberto Contador. Erorikoek, gurpilen zulaketek eta arazo mekanikoek erabaki zuten. Chavanel liderrak bi aldiz aldatu behar zuen bizikleta, Armstrongek zulaketa izan zuen, Sastrek txirrindulako bi gurpilak apurtu zituen eta Contadorrek ere arazoak izan zituen. Aurrean zegoen sei txirrindularien multzoko esprintean Cerveloko Thor Hushovd izan zen azkarrena, eta denbora berean sartu ziren Cadel Evans, Andy Schleck eta Cancellara faboritoak. Contador 1:13ra sartu zen eta Armstrong 2:08ra. Faboritoen artean aurreikusi baino gehiagoko diferentziak izan ziren eta nahiz eta Contadorrek asko galduko zuela uste, pentsatu baino hobe salbatu zuen etapa madrildarrak. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 55.a izan zen, 2:25era, Imanol Erbiti 103.a, 3:58ra, eta Gorka Verdugo 149.a, 9:49ra. Ildo honetan, Verdugok zulaketa eta erorikoa izan zuen baina ez zuen aparteko arazorik izan. Zorionez hirurek etapa salbatu zuten, ez zuten minik hartu eta hori atzo oso handia izan zen. Sailkapen orokorrean Fabian Cancellarak berreskuratu du lidergoa (Saxo Bank). 39 segundora Evans dauka, 1:09ra Andy Schleck, 1:40ra Contador eta 2:30era Armstrong. Egoi Martinez 71.a, 3:46ra; Erbiti 85.a da, 4:53ra eta Verdugo 115.a, 10:47ra.  Ildo honetan, Fabian Cancellara eta bere talde Saxo Banken portaerak iritzi asko sortu dituzte: bezperan lasterketa gelditu zuen Cancellarak Schleck anaiak erori zirelako, eta atzoko erorketa eta arazoen aurrean, aldiz, gogor tiratu zuten diferentziak ateratzeko. Atzoko etapa gogorraren ostean gaur nolabaiteko lasaitasuna izango dute txirrindulariek. Tourreko etapa lasaiena izango da, aparteko zailtasunik gabekoa. Cambrai eta Reims arteko 153 km egin beharko dituzte eta esprinterrendako propioa den etapa izango da, nahiz eta haizeak eragina izan dezakeen. Ongi etorriko zaie txirrindulariei.