Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hori zen Tourren parte hartzen ari diren txirrindulari guztien helburua: Herbehereetan jokatutako Tourreko hasierako etapei eustea. Klasiko handien itxura zuten etapa horietan arazorik edo erorikorik ez izatea. Nola edo ahala eustea. Eta lehian ari diren hiru sakandarrek - Euskalteleko Gorka Verdugo eta Egoi Martinez etxarriarrak eta Caisse d´Epargneko Hiriberriko Imanol Erbitik - lortu dute, nahiz eta hirurek erorikoak izan. Baina zorionez, ez dute aparteko minik hartu. Kritikak eta polemikaPolemika piztu dute aurtengo Tourreko lehendabiziko etapek, Herbeheretakoek, eta egia esan erabakiorrak izan dira. Astelehenean Span despeditu zen etapan 3. eta 4. mailako sei kota pasa behar ziren. Erorikoak bata bestearen atzetik gertatu ziren, eta Egoi eta Erbiti lurrera joan ziren, nahiz eta aparteko arazorik ez izan. Kontua da faborito nagusienak ere lurrera joan zirela, Saxo Bankeko Schleck anaiak tarteko, eta aurrera egitea lortu zuen haien taldekide Fabian Cancellarak, Tourreko liderrak, lasterketa "gelditu" zuela, atzean zeuden faborito guztiek aurrekoekin bat egitea eta denbora asko ez galtzea ahalbideratuz. Bere portaerak kritika asko piztu zituen, astearteko 7 galtzadarri eremuetako etapan horrela jokatuko ote zuen galdeginez. Baina Saxo Bankek hurrengo egunean ez zuen bezperako "etikarekin" jokatu, inola ere ez. Aurreikusi moduan infernua izan zen Arenbergen despeditu zen etapa, "Paris-Roubaix txiki bat", egun horretako ihesaldian parte hartu zuen Imanol Erbitik adierazi zuen moduan. Kasu honetan Saxo Bankekoek gogor tiratu zuten Alberto Contadorri eta beste faboritoei ahalik eta tarte gehiago ateratzeko, infernu horretan gurpil zulaketak, arazo mekanikoak eta sekulako erorikoak gertatuko zirela jakitun. Tartean Verdugo lurrera erori zen, baina ez zuen aparteko minik hartu. Cancellarak gogor tiratu zuen baina bere taldekide Frank Schleck lurrera erori zen, lepauztaia apurtuz, eta tropelean mozketa eragin zuen horrek. Cancellarak lidergoa berreskuratzea lortu zuen eta Andy Schleckek faboritoei diferentzia ateratzea - Contadorri 31 segundo eta Armstrongi 1:21 - , baina Frank anaiak Tourra utzi eta beste faborito batzuk denbora dezente galdu zuten. Tourrean halako etapak sartzea asko kritikatu izan da, klasiko handiak horretarako badaudela baitiote askok. Baina ikuskizuna eta sailkapen orokorrean eragina izan dutela ezin da ukatu. Asteartean Alpeetako etapa nagusiaAsteazkeneko etapa esprinterrendako propioa izan zen eta Alejandro Petacchi (Lampre) nagusitu zen, Tourreko bere bigarren garaipena lortuz. Sakandarrak denbora berean sartu ziren. Eta atzoko etapa ere laua zen, ziurrenik esprintean erabakiko zena. Emaitzen faltan, Cancellara zen liderra. Egoi Martinez 70.a zen, 3:46ra, Imanol Erbiti 85.a, 4:53ra, eta gorka Verdugo 114.a, 10:47ra. Gaur etapa laua jokatuko da, eta ondoren mendiaren txanda izango da. Larunbatean etapa gorabeheratsua dago jokoan, erdi mailakoa, eta igandean mendiak protagonismo gehiago izango du. Astelehenean atsedena izango dute, astearteko Alpeetako etapa nagusia jokatzeko. Columbier des Aravis, Las Saisies, Madeleine eta beste igoko dituzte. Asteazkenean ere mendia izanen da nagusi eta ostegunekoa etapa lasaia izanen da. Ikuskizunak, beraz, jarraitzen du. Kadeteen lasterketa TuteranKadete mailako txirrindulariek XI. Tutera Hiria Saria dute jokoan igandean Tuteran. Goizeko 11:00etan abiatuko da proba eta 50 km-koa izanen da.