Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanferminetan egunero herri kirol ekitaldi eta txapelketak jokatzen dira Iruñeko Foruen plazan, eta sakandarrak horietako hainbatetan ariko dira. Jaialdiak 12:00etatik aurrera izaten dira. Kadeteen Trontza Txapelketa eta sokatiraEsaterako, gaur, ostiralean, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa izanen da jokoan. Lau biko ariko dira, tartean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako bi: Joanes Satrustegi-Alain Ansotegi eta Koldo Murgiondo-Iraitz Berastegi. Horretaz gain Oier Kañamares-Imanol Kañamares berriozartarrak eta Basaburua-Baztango Xabier Sarratea-Gaizka Jauregi ariko dira. Guztiek 100 zentimetroko enborrari 10 korte egin beharko dizkiote, etzanda, eta ea jokoan dagoen txapela Sakanara etortzen den. Bihar, larunbateko jaialdian sokatira erakustaldiak izanen dira. Lauko tiralariz osatutako taldeak elkarren kontra ariko dira, eta oso erraza izanen da tartean Sakana Sokatira taldeko tiralariak aritzea. Nafarroako Binakako Aizkora igandeanIgandean Nafarroako maila nagusiko Binakako Aizkolari Txapelketa egonen da jokoan. Floren Nazabal etxarriarrak Barberena izanen du bikote, Larretxeak Senosiain eta Lopezek Mindegia. Banakakoetan Nazabal izaten da faborito inolako zalantzarik gabe, baina binakakoetan gauzak ez dira hain argiak. Gainontzekoen maila nola dagoen ikusi beharko da, eta printzipioz edonork jantzi dezake txapela. Sei kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu beharko ditu biko bakoitzak. Proba konbinatua, asteleheneanHerri kirolen proba konbinatuan ariko da Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako kimuen taldea astelehenean, uztailaren 12an. Kimuen mailako erakustaldia izango da eta Berriozar, Igantzi eta Basaburua taldeen kontra ariko dira Andra Marikoak. Aitor Oiarbide harri jasotzailea bere marka hobetzen saiatuko daAitor Oiarbide harri jasotzaile etxarriarrak asteartean, uztailaren 13an erakustaldia emango du Iruñean. 17 urte ditu etxarriarrak eta 163 kiloko harria jasotzen ahaleginduko da, bere marka egiteko asmoz. Sakanako Harri Jasotze eskolako monitore Mikel Lasartek adierazi duenez "ez dakigu jasoaldi bat edo gehiago egingo ote dituen, erabaki hori azken entrenamenduaren arabera hartuko baitu". Ea etxarriarrak zortea duen eta harria bizkarreratzea lortzen duen.AtzokoakAtzoko Sanferminetako herri kirol saioan Nafarroako Hirugarren Mailako Aizkora Txapelketa zegoen jokoan. 12 aizkolari aritzekoak ziren, tartean lau sakandar: Iban Resano (Dorrao), Goizeder Beltza (Etxarri Aranatz), Iñaki Vazquez (Altsasu) eta Aritz Goñi (Etxarri Aranatz). Raul Castro, Asier Pellejero, Mikel Indakoetxea, Esteban Pikabea, Jose Antonio Loiarte, Eneko Saralegi, Angel Eraso eta Diego Riano zituzten arerio. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar zituen eta onenak sailkatu ziren txapelketan aurrera egiteko. Eta horretaz gain, Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan Sakanako Harri Jasotze eskolan formatzen ari den Xabier Igoa aldaztarra aritu zen, Josetxo Urrutia, Unai Bertiz eta Xabier Ariztegirekin batera. Hiru harri ezberdinekin 2 minutuko txandak egin behar zituzten. Guaixeko erredakzioa ixterakoan ez genuen aipatu bi ekitaldien emaitzaren berri.