Antzezle gazteak baldintza duin eske

Guaixe 2010eko uztailaren 6a

Azken egunotan Nafarroako egunkarietan bolo-bolo dabiltza antzerki taldeen kexak. Batetik, Nafarroako antzezle gazteen plantoa dago. Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotako tratuarekin kexu, hitzartuta zeuzkaten antzezpenak ez eskaintzea erabaki dute lau taldek. Talde horietan daude Sakanako zenbait antzezle: Xabier Artieda, Edurne Segura eta Igor Razkin (Endeca), Jon Barbarin eta Eva Azpilikueta (TDG Laperola).   "Gure lana gutxietsi dute"Endeca, Caracois, Jon Barbarin eta TDG Laperola antzerki konpainiak Iruñeko Baluarte Jauregiko Kamera aretoan antzeztekoak ziren, beste sei talderekin batera, Nafarroako Artista Gazteak Baluarten programaren barruan. Baina ez joatea erabaki dute, gobernuak antzezle gazteen lana "gutxietsi" duelako. Izan ere, egitasmoaren aurrekontuaren % 10 baino ez da artistendako.Nafarroako Gobernuak 1.000 euro eta sarreren % 50 eskaini zioten talde bakoitzari, taldeen ordainsaria baino gutxiago. Aurrekontua murritza izanen zelakoan, hasiera batean, taldeek onartu egin zuten eskaintza. Baina gero ezagutu dituzte egitasmoaren aurrekontuak: 100.000 euroko aurrekontutik, 10.000 (talde bakoitzeko 1.000) baino ez da artistendako. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak promozioa (25.000), aretoaren alokairua (21.300), teknikariak (16.000) eta bestelako gastuak aurreikusi ditu. "Profesionalak izanik, dagokiena kobratuko dute, baina gu ere hala gara eta ez zaigu dagokiguna ordainduko" kexatu dira antzezleak, "desoreka nabarmena da" adierazi dute. Kultur kudeaketa txarraPlanto egin duten lau taldeek;; ordainsaritik haratago, kultur kudeaketari buruzko kritika sakona egin dute. Programak gazteen antzerki taldeak sustatzeko helburua badu ere, taldeen iritziz, "zenbakiek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ez duela gure lana baloratzen". Nafarroan antzerkiaren egoera larria salatu dute. Azken urteko zenbait neurrik horretan eragin dute. Esaterako, bertan behera geratu dira herriz herriko programazioa sustatzen zuen Correpueblos programa, diru-laguntzak murriztu egin dira eta Nafarroako Antzoki Sarea oraingoz antzezpen gehiago ekarri ez duen "mamua" da. Babesa  Antzezle gazteek Nafarroako Arte Eszenikoen Profesionalen (NAPAE) babesa jaso dute. Erakundeak kudeaketa ekonomikoa eta talde eta konpainiekiko tratua salatu du. Nafarroako Gobernuak antzezleen lana profesional eta duina laguntzen ez duela adierazi dute. Gobernuaren jarduerak gertutik zainduko dituela esan zuten, planto egin duten taldeak "zigortu" ez ditzaten. Antzerki talde amateurrak antzoki bila Antzezle gazteak ez dira izan kalera atera diren bakarrak. Nafarroako antzerki talde amateurrek ere haien egoera salatu dute. Norbere herrian jardutera mugatzearekin aspertuta, antzezteko lekuak eta laguntzak eskatzen dituzte. Haien interesak babestuko dituen elkartea sortzea aztertzen ari dira. EskaerakNafarroako 20 bat antzerki talde afizionatu bildu ziren joan zen hilean Tafallan, haien egoera aztertzeko. Bertan izan zen, besteak beste, Altsasuko Tarima Beltza taldea. Bertako kide Zaparen hitzetan, "guztien kezka berdina zen: lan itzela egiten dugu ia urteko antzezlan bat prestatzeko eta gero ez dugu antzezteko aukerarik. Egindako lana herritik ateratzea nahi dugu". Horiek dira beraien eskaera nagusiak: antzezteko tokiak eta zirkuituak izatea eta diru-laguntzak jasotzea. Helburu horien alde lan egiteko eta antzezle amateurrak ikusgai egiteko batzordea antolatu dute. Batzordeak talde guztiak bilduko dituen federazio edo elkartea osatzeko ardura du. Horretarako, Nafarroako taldeen egoeratik abiatu eta beste herrialdeetako esperientziak aztertuko dituzte.Dagoeneko eman dute lehen pausua eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamenduko Kultura Jardueren Zerbitzuko Zuzendari Dori Lopez Juliorekin bildu ziren. "Gure egoera eta eskaerak ezagutu nahi zituen" azaldu digu Zapak. Bestalde, Kultura Kudeatzaileen elkartearekin, Nafarroako Arte Eszenikoen Profesionalen elkartearekin (NAPAE) eta Nafarroako Antzokien Sareko lehendakari Alex Pastorrekin egon nahi dute. Gogoratu behar dugu Nafarroako Antzokien Sarean ez dutela tokirik talde afizionatuek. Antzezleek azpimarratu dute ez daudela antzerki talde profesionalen aurka, alderantziz: nork bere esparrutik antzerkiaren alde indarrak batzea nahi dute.