Festak iragartzeko prest

Guaixe 2010eko uztailaren 8a

Etxarri Aranazko Udaleko Kultura Sailak berriki iragarri ditu festetako kartel lehiaketaren irabazleen izenak. Helduen mailan, Paola Ferrari nagusitu da. Jatorriz txiletarra bada ere, Etxarri Aranatzen bizi da. Ogibidez txotxongilogile izanik, eskulangile aparta da. Pincoya 56 izeneko kartelak iragarriko ditu herriko festak. Irudiak su artifizial koloretsuak eta ikus-entzunezko ugari izanen dela iradokitzen du. Etxarriarrak 300 euroko saria jasoko du.Haurren kategorian, berriz, Olaztira joanen da saria. Markel Galbete Arnazen Badatoz festak kartela hautatu dute. Olaztiko gazteak festetako bi irudi garrantzitsu irudikatu ditu: udaletxea eta buruhandia. Galbetek 100 euro jasoko ditu kirol eta eskola materialetan. Ez da olaztiarraren lehen saria izanen. Izan ere, gazteak sari bat baino gehiago jaso du bere komiki apartei esker. Ikastaroa lagungarriEtxarriko Kultura Sailak kartelak egiteko tailerra antolatu zuen ekainean, herritako haurrak kartel lehiaketan parte hartzera animatzeko helburuarekin. 12 bat gazte bildu ziren taldean. Patxi Uharteren esanak betez, kartel ederrak egin zituzten. Guztiak aurkeztu ziren lehiaketara.