Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekainaren 28an Sakanako Mankomunitateak bilera egin zuen. Batzar hartan berretsi zuen Nafarroako hainbat Toki entitate eta Nafarroako Gobernuaren arteko euskararen garapenerako lankidetza hitzarmenean ezarritako helburuak betetzen jarraitzeko asmoa. Helburu horiek euskara zerbitzuen bidez egiten dituzte toki entitateek. Baina urtetik urtera euskara zerbitzuen finantziazioa toki entitateen bizkar dago, gero eta gehiago. Horregatik, Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari gutxieneko laguntza ekonomikoa eman behar duela adostu zuen mankomunitateak. Hitzarmena egonkortzeko, abagune ekonomiko zehatzen gainetik pasa behar dela uste du mankomunitateak. Horretaz gain, Gobernuak eman behar duen kopurua bere aurrekontua eta euskara zerbitzuek gastatzen dutenarekin elkarloturik egon behar dute. Gauzak horrela, Sakanako Mankomunitatearen iritziz aurten hitzarmena behar bezala garatu ahal izateko Nafarroako Gobernuak 1.235.000 euro bideratu beharko lituzkeela adostu zuen. Horren ordez euskara zerbitzua duten Nafarroako toki entitateen artean 162.403 euro besterik ez ditu banatuko Euskarabideak (% 6,12). Sakanako Mankomunitateak azaldu duenez, 1999an Nafarroako hainbat Toki entitate eta Nafarroako Gobernuaren arteko euskararen garapenerako lankidetza hitzarmena indarrean sartu zenean gobernuak euskara zerbitzuen aurrekontuaren %46 diruz laguntzen zuen. Urteekin euskara zerbitzu gehiago sortu dira eta Nafarroako Gobernuak bere ekarpenak txikitu dituela salatu du Sakanako Mankomunitateak.