Elizak ondasunak bere izenean erregistratzea

Inkonstituzionalitate helegitea jartzekotan dira udalak

Guaixe 2010ko uzt. 2a, 00:00

Udalek elizak bere izenean ondasunak jartzeko legea konstituzioaren kontrako dela uste dute.

Larunbatean bildu zen erlijio eraikinen izaera publikoa defendatzen duen udal eta kontzejuen asanblada. 92 udaletako ordezkariak, 120 pertsona, bildu ziren. Tartean ziren, besteak beste, Irurtzun, Bakaiku eta Altsasuko udal ordezkariak.

Batzarrak udalek hartutako akordioak berretsi zituen (ikus aurreko zenbakia). Horrekin batera, asanbladak proposatu zuen Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskaera egitea: Hipoteka Legearen 206 artikuluaren kontra inkostituzionalitate helegitea aurkezteko, Konstituzioaren 16. artikuluaren kontra doalako.

Argudioak
Helegite hori aurrera egiteko aukera handiak zituela azaldu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Eliza-Zuzenbideko katedradun Alejandro Torres Gutierrez. Bildutakoei helegitea aurkeztera animatu zituen. Azaldu zuenez, aipatu legeko artikuluak elizari jabetza ziurtagiriak egin eta herritarrak, udalak, fededunak ezta apaizak ere informatu beharrik gabe jabetza-erregistroan ondasunak inskribatzeko aukera ematen dio.

Torresek argudiatu zuenez, "estatu akonfesional batean elizgizonek ez lukete ezeren fede-publikorik eman behar, horretarako izendatutako funtzionario publikoen pare jartzen direlako bestela". Beste erlijioetara eskubidea zabalduz gero "laikotasunaren ikuspegitik arazoa handitu besterik ez litzatekeela eginen" nabarmendu zuen.

Bi akordio
Larunbateko asanbladan udal ordezkariek begi onez ikusi zuen erakunde publiko bat sortzea, toki entitateak lagunduko lituzkeena eta elizbarrutiarekin auzitan sartu ez daitezkeen toki-administrazioak lagunduko lituzkeenak. Bestetik, erabaki zen elizbarrutiak toki-administrazio bat epaitegietara eramaten zuen bakoitzean protesta bilkura egitea epaitegiaren aurreko aldean. Aurreneko kontzentrazioa hilaren 20an eginen da, Lizarrako epaitegietan, Garisoaingo udal ordezkariak epaituak izanen baitira.