Sakandarren emanaldia bertan behera

Guaixe 2010eko uztailaren 15a

Altsasuko eta Etxarri Aranazko Etorkizuna dantza taldeko dantzariak San Ferminetan dantzatzekoak ziren, Altsasuko La Encina Extremadurako kultur elkartearen bitartez. San Ferminetako festa giroan, egunez egun, Eskualdeetako Etxeen gunean parte hartzera zihoan talde kultural bat gehiago izan behar zen. Baina San Ferminetako azken egunean ekitaldirik gabe geratu ziren Eskualdeetako Etxeak. Dantza taldeko batzordekideen esanetan, "Nafarroako Eskualdeetako Etxeen Federazioko buru Benjamin Arca Castañonek ikurrina ez eramateko eskatu zigun".  Sakanako dantza taldeak ikurrina taldearen identitate kulturalaren ikurra dela eta haien emanaldi guztietan erabiltzen dutela adierazi zuen. Horren aurrean Federazioko zuzendaritzak bertan behera utzi zuen dantzaldia. Gertatutakoagatik Sakanako dantza taldea kexu da.