Schleckek garaipena lapurtu zion Samuel Sanchezi

Guaixe 2010eko uztailaren 12a

Frantziako Tourreko atzoko etapak faborito nagusien beste hautapen bat egin zuen atzo, Alpeetan. Mendiko etapa izan zen atzokoa, eta hainbat ondorio utzi zituen. Bata, Lance Armstrong Tourreko goi postuetako peleiatik kanpo geratu dela. Bigarrena, Astana talde oso indartsua dela, eta, hirugarrena, Andy Schleck Contadorren arerioetatik gogorrenetakoa dela, atzo Contadorrek ezin izan baitzion eutsi Luxenburgokoak egindako erasoari. 25. kilometroan zazpikote batek ihes egin zuen, Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti ihabartarrak tartean. Tourreko bere bigarren ihesaldia izan zen. Zazpi minutuko aldea izatera iritsi ziren, baina euren ahaleginak ez zuen fruiturik izan, Col de la Ramazen igoeran harrapatu baitzituzten. Armstrong atzean geratu zela jakitun - hiru eroriko izan zituen Texasekoak, egun beltza, oso beltza - , Astana taldeak sekulako erritmoa ezarri zuen, lasterketa apurtuz. Talde sendoa dela erakutsi zuten, Contador azken eremura beste hiru taldekiderekin iritsi baitzen. Contadorrek hasierako erasoei erantzun zien, baina Riisen agindua jarraituz helmugarako km baten faltan sekulako erasoa egin zuen Andy Schlecki ezin izan zion jarraitu. Soilik Euskalteleko Samuel Sanchezek jarraitu ahal izan zion Luxenburgokoari, eta Morzine Avoriaz gainean despeditzen zen etapa bien artean jokatu zuten. Azkarregi eraso zuen Sanchezek, eta azken metroetan aurreratu egin zion  Schleckek. Pena handia izan zen Euskaltelendako, baina beste batean izango da. Txirrindulari sakandarrei dagokionez, Gorka Verdugo 4:33ra sartu zen, Imanol Erbiti 6:59ra eta erorikoa izan zuen Egoi Martinez 11:45era. Discovery Channel bere burua zen Armstrongekin eta Ivan Velasco taldekidearekin joan zen lurrera Egoi, baina ez dirudi min handirik duenik. Sailkapen orokorrean Cadel Evansek jantzi zuen maillot horia, eta 20 segundo ateratzen dizkio Andy Schleck bigarrenari eta minutu bat eta segundo bat Alberto Contadorri. Gorka Verdugo 46.a da, 18:41era, Egoi Martinez 8.a, 22:57ra, eta Imanol Erbiti 61.a, 28:30era. Gaur atsedenaldiko jardunaldia dute eta bihar Alpeetako etapa nagusia jokatuko dute, helmugarako 32 km-ren faltan La Madelaine mendi ezaguna dutela.