Frantziako Tourra Contador eta Schlecken gauza

Guaixe 2010eko uztailaren 14a

Frantziako Tourrean Alpeetako etapa handia jokatu zen atzo. Etapa ikusgarria izan zen, zaleen gozamenerako. Mendi gogorrak igo zituzten, azkena gogorrena: kategoria bereziko Madeleine. Eta denetatik izan zuen: ihesaldiak, erasoak, liderren taldearen lana, ezusteak, faboritoen erantzuna eta ihesaldiaren arrakasta. Uste baino askoz ere gehiago erabaki zuen Madeleinek. Eguneko ihesaldian Caisse d´Epargneko hiru txirrindulari sartu ziren, Luis Leon Sanchez tartean. Atzean BMCk erritmo bizi-bizia jarri zuen etapa guztian barna, baina Astanako Dani Navarrok eta Saxo Bankeko Andy Schleckek astindu zuten tropela Madeleinen gora. Cadel Evans liderra eta beste faborito asko - Sastre, Armstrong, Basso... - atzean geratzen hasi ziren. Contadorrek ez zuen gurpilik galdu eta Euskalteleko Samuel Sanchez oso ondo aritu zen, euren erasoei jarraituz. Madeleinen gora izugarri sufritu zuen Euskaltelekoak, baina mendia jaisten distantziak laburtu zituen. Nahiz eta faboritoak hankak zapatzen egon, ihesaldia gauzatu zen eta FDJ-ko Sandy Casarrek lortu zuen besoak altxatzea, Luis Leon Sanchez eta Damiano Cunegoren aurretik. 2 segundora laukote bat sartu zen, Alberto Contador eta Andy Schleck tartean, eta Samuel Sanchez zortzigarrena izan zen, 52 segundora. Sakandarrei dagokionez, Gorka Verdugok etapa ona egin zuen eta 50.a izan zen, 8:09ra. Egoi Martinez 53.a sartu zen, 15:17ra eta Imanol Erbiti atzerago iritsi zen, 104.a, 25:56ra. Ezuste handiak izan ziren. Cadel Evansek lidergoa galdu zuen - 8:09ra sartu zen - , baina gero jakin zen ukondoa apurtuta aritu zela lehian. Andy Schleck da lider berria, Alberto Contador 41 segundora eta Samuel Sanchez 2:45era dituela. Eta badirudi Tourra buruz buruko txapelketa izango dela Schleck eta Contadorren artean. Gorka Verdugo 38.a da, 26:28ra, Egoi Martinez 50.a, 37:52ra, eta Imanol Erbiti 71.a, 54:04ra. Gaur 9. Etapa jokatuko da, Chambéry eta Gap artean. Maila ertaineko mendi etapa izanen da. Bigarren mailako Col de Noyer helmugarako 34 kilometroren faltan dago. Askok gogoratuko dute mendi hori, 2003an Joseba Belokik eroriko handia izan baitzuen bertan. Ihesaldietarako propioa den etapa da.