2010eko uztailak 14, Londres

Guaixe 2010eko uztailaren 16a

Kaixo Londresetik, guaixe irakurle agurgarriok!!!!Aldi hontan, arteari dagokion nire idazkiaren ordez, nire eskutitz bat gerturatu nahi dizuet; nire bidaia eta abenturak zuengana gerturatuz. Izaskun Razkinek aurreratu zizuen bezalaxe, aurten nire kanpoko margo lana Ingalaterran kokatu behar da. Baina abentura hitzak zer edozer iragarri dezakeen bezala, ez naiz Bournemouth-en kokatuko (pentsatua nuen bezala) azkenean, baizik eta Londresen.Orain dela aste eta piko etorri nintzen, Maider nire lagun-minarekin. Bera  eta bere mutilaren laguntza eta sostenguari esker, aurre egin diet suertaturiko hainbat ustekabeko arazoei: logela bat lortu udara osoan alokatzeko (azkar eta korrikan), Londresetik mugitzen irakatsi eta abar. Eta oraintxe, lanaren bila gabiltza, uda osoa hemen mantendu eta nire margolanekin jarraitu ahal izateko.Azkenean, nire lekupen bilakatu da Londres; egun gutxi hauetan, nire lehen saiakerak egin izan baititut. Konkretuki, Maiderren euskarria izanik, Londreseko Camden Town-eko Merkatu ospetsuan muturra sartu izan dut, merkatu zoragarri horren partaide izanik. Joan zen ostiralean bertan jarri genuen nire postua eta kabailetea; bertako giroaz bustitzen, benetan berezi eta deigarria, margotzen nuen bitartean.Aurrekoari jarraituz, uztailaren 29an, The LockStock Festival-a izanen da. Camden Lock Market-en izanen da, eguerdiko 2etatik gaueko ordu batak arte. Bertan musika eta artea izanen dira zentro; zuzeneko kontzertuak, arte erakusketak, performance-ak eta abar izanik. Eta badirudienez, azkeneko urteotan, garrantzia handia edo aipagarria hartzen ari da; edo gutxienez, suma dezaket zeinen ikaragarrizko giroa egonen den. Hori dela eta, imajina dezakezuen bezalaxe, festibal horren partaide izaten saiatu behar naizela; nire margolanak erakutsiz eta bertan margotuz. Ia nola doan eta lotzen dudan...Ikusi duzuen bezala, abentura hasi besterik ez da izan...Besarkada handi bat!!!!Inspirazio bilaren bidaiaria,                                    Itziar Nazabal