Udalbiltza auzia hasi da

Guaixe 2010eko uztailaren 16a

Atzokoan zen hastekoa Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltza auzia. Akusatuen aulkian Udalbiltzan aritu ziren 22 udal hautetsi eta erakundeko langile daude. Haien artean Joseba Garmendia Albarracin altsasuarra dago. Fiskaltzaren ustez auzipetu guztiek Udalbiltzan parte hartu dute, Batzorde Eragileko kide nahiz langile gisa. Horregatik, erakunde terroristako kide izatea eta diru publikoa bidegabeki erabiltzea (dirua ETAri bideratzea) delituak leporatzen die. Auzipetuek salatu dute epaitegiak defentsarako eskubidea mugatu diela proposatu dituen lekuko gehienak errefusatzean. AltsasuarraJoseba Garmendia Albarracin, Urretxuko zinegotzi ohia (1998-2003), Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide, Gizarte eta Ekonomia batzordeko ardura duna izan zen. Garmendiak, besteak beste, Zuberoa Garatzen egitasmoa aurrera eraman zuen. Haren bidez, Zuberoa nozitzen ari den egoera larriari (despopulazioa, biztanleriaren zahartzea, jarduera ekonomikoaren desagerpena) aurre egin nahi zitzaion. Herritarren artean diru-bilketa egin zen eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa sortu zen, enpresa garapen proiektuekiko dirulaguntzak bideratu eta kudeatu ahal izateko. Altsasuarra 2002ko apirilaren 29an atxilotu zuten eta 2004ko abenduaren 22ra arte espetxean izan zen. 60.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen kaleratzeko. Astero sinatu beharra du eta ezin da estatutik atera. Fiskaltzak Garmendiarendako 15 urteko espetxe zigorra eskatu du. Dignidad y Justicia elkartea herri akusazioa da eta auzipetuarendako 22 urte arteko espetxe zigorra eskatu du. MobilizazioakUdalbiltzako auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko kontzentrazioak deitu dira gaurko, udaletxeen aurrean. Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udaletxeen aurrean daude deituta kontzentrazioak. Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari leloa izanen dute. Udaletan onartutako mozioen babesa izanen dute kontzentrazio horiek. Izan ere parte hartzera deitzearekin batera, fiskaltzari akusazioa erretiratzeko eskatu diote udalek. Biharko, bestalde, Udalbiltzako auzipetuek manifestazioa deitu dute, Bilbon. Protestaldiak herrietako kontzentrazioen lelo bera izanen du. Makina bat alderdi, sindikatu eta eragilek Bilboko manifestaziora deitzearekin batera auzipetuendako absoluzioa eskatu dute. Bihar Bilbon hautetsi eta hautetsi izandako pertsonen presentzia espero da. Guztiak ere erakundearen defentsaren alde azaldu dira. UdalbiltzaEuskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarraren izena da. Instituzio gisa, Euskal Herriko lehen instituzio nazional gisa, eratu zenean hartu zuen izena. Udalbiltza 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako 1.778 udal hautetsik, gehienak EAJkoak, EHkoak, EAkoak, ABkoak eta independenteak, Bilboko Euskalduna Jauregian bildurik hartu zuten ia aho batezko erabakiaren ondorioz.DeialdiakGaur, ostirala, 19:00etan, udaletxeen aurrean. Bihar, larunbata, 17:30ean, Bilbon, La Casillatik.