Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alpeetan etapa zirraragarriak bizi izan ditu Tourrak. Aurten Alpeek ez, Pirinioek erabakiko zutela zioten adituek, baina hori ez da bete-betean gertatu. Izan ere, uste baino askoz ere gehiago erabaki zuten Alpeek, Madeleinek bereziki, faboritoen artean aukeraketa garbia egin baitute. Igandeko Morzine Avoriaz gainean despeditu zen etapan Lance Armstrongek egun beltza izan zuen. Hiru eroriko izan zituen texastarrak - horietako batean Egoi Martinez ere lurrera erori zen - eta Tourrean aurrean egoteko aukera guztiak galdu zituen. Etapa hori Andy Schlekek (Saxo Bank) irabazi zuen, Samuel Sanchezen (Euskaltel) aurretik, Contadorrek eutsi zuen eta Cadel Evansek jantzi zuen maillot horia. Astelehenean Alpeetako etapa nagusia jokatu zen, kategoria bereziko Madeleine portu ikusgarria helmugatik 32 km-ren faltan zegoela. Denetatik izan zuen etapak: ihesaldiak, erasoak, liderren taldearen lana, ezusteak, faboritoen erantzuna eta ihesaldiaren arrakasta. Eta uste baino askoz ere gehiago erabaki zuen Madeleinek. Ihes egindakoak aurrean zeudela, Caisseko Luis Leon Sanchez eta bi kide tartean, Contadorren Astanak eta Schlecken Saxo Bankek tropela astindu zuten Madeleinen gora. Cadel Evans liderra - gero jakin zen ukondoa apurtuta ari zela lanean - , Sastre, Armstrong, Basso... eta hainbat faborito atzean geratu ziren. Schleckek eta Contadorrek aurrera egin zuten eta Euskalteleko Samuel Sanchezek euren erasoei eutsi zien, nahiz eta Madeleinen gora izugarri sufritu. Portua jaisten distantziak laburtu zituen Euskaltelekoak. Etapa ihes egindako Sandy Casarrek irabazi zuen eta bi segundora sartu ziren Contador eta Schleck eta 52 segundora Sanchez. Txirrindulari sakandarrek maila ona eman zuten. Euskalteleko Verdugo 8:09ra sartu zen, eta haren taldekide Egoi Martinez 15:17ra. Caisseko Erbiti 25:56ra iritsi zen. Euren liderrak laguntzen lan asko egin zuten. Samuel Sanchezen hirugarren postuaMadeleinek ezuste asko ekarri zituen: Cadel Evansek lidergoa galdu zuen Andy Schlecken mesederako, eta Armstrong, Basso, Sastre eta beste faborito asko aukerarik gabe geratu ziren. Contador bigarren da sailkapen orokorrean, 41 segundora, eta Samuel Sanchez hirugarrena, 2:45era. Sakandarrei dagokienez, Gorka Verdugo etxarriarra 39.a da, 26:28ra; Egoi Martinez etxarriarra 50.a, 37:52ra; eta Erbiti 72.a, 54:04ra.DatorrenaEta panorama honekin iristen gara Pirinioetara. Atzo etapa laua zegoen jokoan, esprinterrendako propioa, eta atzoko emaitzen faltan pentsatzekoa da sailkapen orokorrean ez zela aldaketa aipagarririk izanen. Alpeek zehaztu dutena Pirinioek eta azkenaurreko erlojupekoak erabakiko dute. Contador eta Schlecken arteko peleia zehazteke dago. Orain arte Contadorrek ez du eraso, baina akaso bere benetako indarrak gordetzen ari da Pintokoa, eta Schleckek azaldu du Pirinioetan eraso egingo duela. Euskaltelekoek Pirinioetan bilduko diren zale euskaldunen aurrean etaparen bat irabaztea izango dute helburu, eta horretaz gain Samuelen hirugarren postuari eustea. Hala ere, jakitun dira oso konplikatua izanen dela, eta horregatik zuhurtziaz jokatu nahi dute. Jakina, Verdugok eta Egoi Martinezek helburu horien alde jokatuko dute. Hortaz etapa interesgarriak dira datozenak. Gaurko etapa malda handi batean despedituko da eta larunbateko etapa ihesaldietarako propioa da. Igandean helduko da Tourra Pirinioetara eta AX 3 Domaines portu gogorraren gainean bukatuko da etapa. Asteleheneko etapan kategoriaz kanpoko Balés portu ikusgarria izanen dute helmugarako 21 km-ren faltan, eta jaitsierak oso gogorrak izanen dira. Asteartean etapa ikusgarria dago jokoan: Peyresourde, Aspin, Tourmalet eta Aubisque mendiak tartean, baina helmugatik urrun. Asteazkeneko atsedenaldia eta gero, ostegunean Tourmaleten despedituko da lasterketa, etapa nagusiarekin. Besteak beste Marie-Blanque eta Soulor gainditu beharko dituzte. Contador eta Schlecken arteko borroka gogorra espero da, eta hori ikustera zale sakandar ugari abiatuko da Pirinioetara. Jakina, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenak eta beste ez dira faltako, eta etapetan zaleen babesa sentituko dute oso gertutik txirrindulari sakandarrek. Zorte on!