Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Arrastaka elkarteak antolatutako Ehunmilak Ultra Trail lasterketa jokatuko da Gipuzkoako mendietan barna. 168 km-ko lasterketa da, 11.000 metroko desnibel positiboa eta 11.000 metroko desnibel negatiboa dituena. Ez da txantxa, ez. 168 km. Mendi bat bestearen atzetik. Lazterketa luzeenei ematen zaie Ultra Trail izena. Kontuan hartuta maratoi batek 42 km dituela, aipatu 168 km hauek urruti daude oso. Baina proba gogor hau egitera makina bat mendi korrikalari animatu dira, tartean sakandarrak. Aurretik izena eman dutenen artean daude Iker Bueno, Migel Angel Ubeda eta Jone Pelaez altsasuarrak, Nourdine Jdi lakuntzarra eta Patxi Rubio uhartearra. Lasterketa gaur aterako da Beasaindik, 18:00etan, eta antolakuntzak aurreikusten du lehendabiziko korrikalariak bihar, larunbatean, 16:00etatik aurrera helduko direla toki berera, Beasainera. Azkenak igande arratsean iritsiko dira. Ondoko mendiak pasa beharko dituzte: Izazpi (967 m.), Irimo (896 m.), Hirukurutzeta (895 m.), Erlo (1.026 m.), Ernio (1075 m.), Txindoki (1346 m.), Ganbo (1.402 m.), Aizkorri (1.528 m.) eta Andraitz (1432 m.), besteak beste. Hortaz, proba gogorra dute aurrez-aurre gure mendi korrikalariek. Distantzia luzeetan laburretan baino hobe moldatzen dira ziurrenik, halako lasterketa batek beste motako planteamenduak eskatzen baititu. Ea nola aritzen diren. Bestalde, antolakuntzak 88 km dituen ibilbide laburragoa prestatu du, G2 Handiak izena duena eta 6.000 metroko desnibel positiboa duena. Beasaindik aterako da ere eta kasu honetan Aizkorri eta Txindoki igoko dituzte. VI. Camille Extremen baitaIgandean VI. Camille Extreme mendi lasterketa jokatuko da Izaban, goizeko 9:00etan. 325 korrikalari abiatuko dira 31,4 km-ko ibilbidea egiteko. Ezkaurre gailurra (2.047 m) igo beharko dute. Korrikalarien artean sakandar dezente ariko dira.