Igandeko meza nagusian inoiz baino haur gehiago eta inoiz baino negar gehiago entzun ziren. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak haurrak Aralarko sainduari aurkezteko jardunaldia hartu zuen santutegiak, beste behin ere txiki gelditu zena. Igandean aurkeztutako ia ehun haurrekin, dagoeneko Aralarko aingeruak 500dik gora lagun ditu txikienen artean. Zazpigarren aurkezpen ekitaldian Mikel Garziandia kaperauak eman zuen meza, Jesus Sotil apaizaren laguntzaz. Garziandiak elizkizunean haurren inplikazioa bilatu zuen eta haiei protagonismoa eman. Hala, Gure Aitaren garaian aingeruaren inguruan bildu ziren txiki guztiak. Txaloen laguntzaz haurrek ere kantatu egin zuten, Jauna egin nazazu bake aingeru abestia hain zuzen. Kaperauak azaldu zuenez, "San Migelen laguna izatea oparia eta konpromisoa da, gauden tokian gaudela bake aingeruak izan gaitezen". Elizkizuna aingeruaren irudia gurtuz despeditu zen. Txikiak lehenik, helduak ondoren. Jarraian, sakristian lagun izendatzen dituen pergaminoa jaso zuten izena aldez aurretik emana zutenak. Igandean bertan joan zirenak asteburuan jasoko dituzte. Agiria eskuratu dutenen artean daude hilabeteak dituztenetatik 11 urteak beteak dituztenetara.AtaunAralarko aingeru ibiltaria urriko asteburu batean Ataunera joanen da. Orain arte Gipuzkoan Igaratzara besterik ez zen joaten, baina aingeruaren bisita jasotzeko eskaerak jaso dituzte Gipuzkoatik.