Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Heldu dira, azkenean, Pirinioak. Nonbait Tourra erabakiko dute. Eta hori ikustera milaka eta milaka lagun hurbildu dira, horietako asko euskaldunak. Atzo sartu zen Tourra Pirinioetan eta etapa ederra izan zen jokatu zena, baina akaso gehiago espero zuten zaleek. Ax 3 Domaines gainean despeditu zen etapa, baina lehia askoz ere lehenago hasi zen, 25. kilometroan ihes egin baitzuen bederatzi txirrindularik. Kategoria bereziko Col de Pailheres igoeran taldea sakabanatzen hasi zen, eta atzetik Rafa Valls eta Carlos Sastre batu zitzaizkien aurrekoei, hasierako taldetik soilik Riblon eta Moinardek jarraitzen baitzuten. Atzerago, 180 graduko 19 bihurgune dituen portua igotzerakoan, Astanak erritmoa gogortu egin zuen, David de la Fuente eta Dani Navarrok bereziki izugarrizko lana eginez. Jaitsiera eta gero Les Domaineseko malda gogorren txanda izan zen, helmugarako 7,8 kilometroren faltan. Atzetik Vinokourovek, Contadorrek, Schleckek, Van den Broeckek, Sanchezek, Menchovek, Gesinkek eta Purito Rodriguezek egin zuten aurrera eta zenbait txirrindulari utzi zituzten atzean, Moindar, Sastre eta beste. 4,5 kilometroren faltan, Contadorrek erasoa jo zuen. Baina Andy Schleck itsasi egin zitzaion, eta nahiz eta Pintoko txirrindulariak beste saiakera batzuk egin, uneoro atzean izan zuen Luxemburgokoa. Hori ikusita, Contadorrek erasoak utzi zituen. Ordurako hasierako ihesalditik geratzen zen txirrindulari bakarra, Riblon, helmugara iritsi zen bakar-bakarrik, etapa bikaina egin eta gero besoak altxatuz. Denis Menchov izan zen bigairrena, 54 segundora, Samuel Sanchez hirugarrena, denbora berean, eta 1:08ra sartu ziren Schleck, Contador eta beste faboritoak. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo batera iritsi ziren, 32. eta 33. postuan, 4:04ra, euren taldekide Samuel Sanchezen hirugarren postua mantentzearen alde lan bikaina egin eta gero. Imanol Erbiti okerrago aritu zen eta 101.a izan zen, 24 minutu pasa galduz. Aipatzekoa da Lance Armstrongen jarrera. Tourra hasi baino lehen faboritoetako bat zen, baina Alpeetan egun beltza izan eta gero, egunetik egunera tarte gehiago uzten ari da. Atzo beste 15 minutu galdu zituen. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketa nabarmenik. Schleckek jarraitzen du lider eta Alberto Contador 31 segundora du. Hirugarrena Samuel Sanchez da, 2:31ra, eta azken honek Denis Menchov du gertu, 13 segundo eskasera. Gorka Verdugo 36.a da, 38:41ra, eta Egoi Martinez 40.a, 42:55ra. GaurkoaPirinioetako etapek gaur izanen dute segida. Lau portu gainditu beharko dituzte: laugarren mailako Cote de Carla-Bayle, bigarren mailako Col de Portet d´Aspet eta Col des Ares, eta kategoria bereziko Port de Balès, helmugatik 21 km-ra. Igoera oso gogorra du, ia 20 kilometrokoa, eta jaitsiera oso arriskutsua. Ikusi behar Schleckek gaur Contador erasotzen duen, eta hirugarren postua mantentzeko lehian Euskaltelekoak fin dabiltzan. Emozioa ez da faltako, ezta Pirinioak bete dituzten zaleen animu oihuak ere.