Pelaez eta Jdi handiak

Guaixe 2010eko uztailaren 19a

Infernu ederra pasa behar izan zuten asteburuan Beasainen Arrastaka elkarteak antolatutako Ehun-milak Ultra Trail mendi lasterketan aritu zirenak. 260 korrikalari inguru abiatu ziren Beasaindik ostiral arratsaldean, Gipuzkoako mendietan barna 168 km-ko proba gogorra osatzeko. 22.000 metroko desnibel metatua zuen probak, eta besteak beste, ondoko mendietatik pasa behar zuten: Izazpi (967 m.), Irimo (896 m.), Hirukurutzeta (895 m.), Erlo (1.026 m.), Ernio (1075 m.), Txindoki (1346 m.), Ganbo (1.402 m.), Aizkorri (1.528 m.) eta Andraitz (1432 m.). Proba gogorra zena, are gehiago gogortu zuen eguraldiak, eta horregatik antolakuntzak proba neutralizatu behar izan zuen larunbatean, 17:30ean Amezketa eta Txindoki artean. Hala ere askok eta askok ezin izan zuten proba burutu, utzi egin behar izan zuten. Bi sakandarrek maila bikaina eman zuten. Emakumezkoetan 10ek hartu zuten irteera eta harietatik hiruk proba utzi egin zuten, bostek bukatzea lortu eta beste biak neutralizatu behar izan zituzten. Garailea Nerea Martinez izan zen (29:26:18), sekulako maila emanda. Ia 10 ordu atera zizkion Jaione Sasieta bigarrenari (39:04:45). Jone Pelaez beterano altsasuarrak atzera ere distantzia luzeetan ongi moldatzen dela erakutsi zuen eta hirugarrena izan zen (41:32:44), lan bikaina eginez. Pelaez ez zuten neutralizatu behar izan eta altsasuarrak bere osotasunean burutu zuen proba. Bestalde, gizonezkoetan jaun eta jabe izan zen Imanol Aleson (25:14:18). Ia ordu bateko tartea atera zion Iker Urizarri (26:03:09). Nourdine Jdi Baba lakuntzarrak Ehunmilak ultra traila bukatzea lortu zuen, lan ederra eginez, eta 95.a izan zen (45:01:54), proba bere osotasunean beteaz. Beste sakandar batzuk ere aritu ziren. Iker Bueno altsasuarra erretiratu egin zen 14 ordu pasa  zeramatzanean, eta Patxi Rubio uhartearrak lehenago utzi zuen proba, lau ordu pasa zeramatzanean. Zorionak guztiei baina Jone Pelaez eta Nourdine Jdiri bereziki.