Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pirinioek beti ekartzen dute ikuskizuna, eta atzo kategoriaz kanpoko Bales mendiak piztu zuen sugarra. Etapa hasieran 10 laguneko ihesaldia izan zen, baina Aspet eta Ares ondoren ihes egindakoen artetik Thomas Voecklerrek egin zuen aurrera (Bouygues) Bales igoeran eta etapa ikusgarria egin zuen frantziarrak, helmugara bakar-bakarrik heldu baitzen. 1:20ra sartu ziren Alessandro Ballan eta Aitor Perez Arrieta. Baina benetako lehia atzerago zegoen, faboritoen artean. Bales mendi nekagarrian gora hasi zirenean, behe samarretik jo zuen erasoa Andy Schleck liderrak, baina berehala erantzun zioten Contadorrek, Samuel Sanchezek, Jurgen Van den Broeckek eta Denis Menchovek. Eta aurrerago, Balesen aldaparik gogorrenean bigarren erasoa jo zuen. Taldetxoaren atzean jarri eta eraso bortitza jo zuen, Contador bera ere ezustean harrapatuz. Contadorren taldekide Vinokurovek erantzuna eman zion eta denak jarri ziren lanean, baina orduan arazoa izan zuen Schleckek, katea atera baitzitzaion. Gainera, katea sartu ezinik ibili zen Schleck. Gainontzekoek aurrera tiratu zuten, etapa Bales modu ikusgarrian igo eta jaitsi zuten. Contador, Menchov eta Sanchez erreleboka aritu ziren, eta atzean Schleck lan eta lan, aurrekoak harrapatu nahian. Izan ere 31 segundoko aldea zuen Contadorrekin, baina helmugan azkenean 39 segundokoa izan zen aldea, eta horregatik madrildarrak jantzi zuen maillota, zale batzuen txistuen artean. KritikakIzan ere, atzo gertatutakoak polemika piztu du. Contadorrek, Menchovek eta Sanchezek Schlecki itxoin egin behar ziotela, alegia. Baina lasterketetan zorteak ere bere lana egiten du, eta faktore horiek batzutan aldekoak eta beste batzutan kontrakoak izan ohi dira. Gogoratu behar da lehen asteko etapa batean tropel guztiak Schleck anaiak itxaron zituztela, haiek eta faborito asko lurrera erori eta gero lau minutuko aldea ateratzen baitzieten. Aldiz, hurrengo egunean, galtzadarrien etapa arriskutsuan, Schleckek ez zituen zulaketekin eta erorikoekin lurrean zeuden Samuel Sanchez, Contador eta beste itxaron. Atzoko etapan lasterketa bete-betean zegoen, eta egoki egin zuten gainontzekoek aurrera eginez. Gainera, txirrindulariak Schlecken zain geratu izan balira, Pirinioetako etapak ez luketela ezertarako balioko esango zuten beste askok. Asmatzea zaila. Sailkapen nagusian 8 segundo ateratzen dizkio Contadorrek Schlecki, eta Sanchez hirugarrena da, 2 minutura. Euskaltelekoak 13 segundora du Denis Menchov. Sakandarrei dagokienez, atzo denbora dezente galdu zuten baina bere taldekideendako lan bikaina egiten ari dira. Orokorrean Verdugo 42.a da, 1:01:24ra, Egoi Martinez 43.a, 1:03:35era, eta Imanol Erbiti 83.a, 1:49:31ra. Gaur etapa gogorra dago jokoan, eta oso berezia, zale euskaldunez josia egongo baita. Hasieran lehen mailako Peyresourde eta Aspin mendi gogorrak igo beharko dituzte, eta gero helduko da kategoria bereziko Tourmalet mitikoaren txanda. Mendi honen igoeraren 100. Urteurrena ospatzen da aurten. Jaitsiera ikusgarria eta gero, kategoria bereziko Aubisque geratuko zaie oraindik, eta jaitsiera eta gero helduko dira Pauera. Etapa oso gogorra da eta faboritoen erasoak ez dira faltako. Gainera, bihar atsedena dutenez dena emango dute. Telebistaren aurrean egoteko beste aitzakia polita da gaurkoa, eta Pirinioak kolorez betetzen dituzten zale euskaldunen ikuskizun ederrarekin gozatzeko. Eta ez da ahaztu behar osteguneko etapa Tourmalet gainean despedituko dela. Askorendako hor erabakiko da gehiena.