Atzo Pirinioetako etapa ikusgarria jokatu zen, mendiz jositakoa. Etapa ederra izan zen, ikusgarria, baina faboritoek ez zuten eraso, guztiek eustea lortu zuten, eta hortaz, sailkapen orokorrean ez da aldaketarik egon. Gaur atseden jardunaldia dute eta ostegunean Pirinioetako azken etapa: Paun hasi eta La Marie-Blanque eta Soulor igo eta gero Tourmalet gainean despedituko dena. Contador da lider, 8 segundora du Schleck, 2 minutura Samuel Sanchez eta 2:13ra Denis Menchov. Zalantzarik gabe Contador erasotzeko eguna da ostegunekoa, larunbateko erlojupekoan bera baita faborito nagusia. Atzoko etapan txirrindulariek igotako malda eta mendate guztiak zale euskaldunez josiak zeuden. Hasiera hasieratik izan ziren mugimenduak - Peyresourdeko gainean aurrean zeudenen tartean Gorka Verdugo zegoen - , baina ihesaldietako batek bere fruitua eman zuen, zortzikote bat heldu baitzen batera Paueko helmugara. Esprintean Bouygues taldeko Pierrick izan zen azkarrena. Armstrong zegoen talde horretan, eta nahiz eta etapako mendietako - Peyresourde, Aspin, Tourmalet, eta Aubisque - eraso guztietan egon, ezin izan zituen taldekideak atzean utzi. Faboritoen taldea, tropel ia gehiena, ia zazpi minutura sartu zen. Aipatzekoa da atzo faboritoek ez zutela elkarren arteko erasorik egin, tregoa giroan joan ziren, helmugara denak denbora berean sartuz. Samuel Sanchezek krisia pasatu zuen Aspin igoeran, baina jaitsieran errekuperatzea lortu zuen. Sakandarrei dagokienez, bikain aritu ziren, eta hirurak, faboritoen taldean sartu ziren, 6:45era. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik. Gorka Verdugo da sakandar azkarrena, 40.a, 1:01:24ra; Egoi Martinez 41.a da, 1:03:35era, eta Imanol Erbiti atzerago dago. 71.a da, 1:49:31ra. Hirurak talde lan handia ari dira egiten, lehendabiziko biak Samuel Sanchezen alde, bereziki. Gaur atseden etapa dute txirrindulariek eta ongi etorriko zaie, ostegunean Tourmaleten despedituko den etapa oso lehiatua eta gogorra aurreikusten baita. Baina ESAIT-ek eta gainontzeko beste euskal erakundeek egindako aldarrikapenek ez dute atseden izango. Atzo ESAITEK txirrindularitza martxa egin zuen La Mongie-ra, gaur mendi martxa izanen da Bigorreko Midira eta arratsaldean Euskal Jaia ospatuko dute Tourmaleten. Bihar Barègesetik Tourmaleterako 11 km-ak igoko dira eta euskal txirrindularitzaren beste festa handi bat izanen da ostegunekoa.