Tourmaletek erabakiko ote du?

Guaixe 2010eko uztailaren 22a

Gaur jokatuko da Pirinioetako azken etapa, Paun hasi eta Tourmaleten despedituko dena. Hasieran laugarren mailako portua izango dute, eta ondoren lehen mailako la Marie-Blanque eta Soulor mendiak, kategoriaz kanpoko Tourmalet mitikoan bukatzeko. 2010eko Tour honetan, txirrindulariak bigarrenez pasako dira Tourmaletetik. Asteartean etapa erdian igo behar zuten, baina gaur Tourmalet gaina izango da helmuga. Sailkapen orokorrean oraindik ez dago ezer erabakita - Contadorrek 8 segundo ateratzen dizkio Schlecki, 2 minutu Samuel Sanchezi eta 2 minutu eta 13 segundo Menchovi - eta diferentzia markatu nahi dutenek gaur eraso beharko dute, Schleckek bereziki. Gaur erasotzea, ez duela beste aukerarik azaldu zuen atzo Schleckek, eta Contadorrek ere aipatu zuen gustatuko litzaiokeela gauzak gaur erabakitzea, larunbateko erlojupekoan lasaiago aritzeko. Horretaz gain, hirugarren postua dute jokoan Samuel Sanchezek eta Denis Menchovek. Euskalteleko buruak azaldu zuenez, Contador eta Schlecken ondoan eusten duenak lortuko du hirugarren postua. Atzo atsedena hartzeko aukera izan zuten eta gaurko erasoak espero dira, eraso gogorrak. Hortaz, emozioa pil-pilean egonen da. Eta, jakina, txirrindulari euskaldunen lana euren buruak laguntzen jarraitzea izango da. Gorka Verdugo eta Egoi Martinez Samuel Sanchezentzat ariko dira lanean, eta Imanol Erbiti Caisseko buruentzat, Luis Leon Sanchez artean. Orain arte maila bikaina eman dute eta ea horrela jarraitzen duten.  Bestalde, txirrinduzale euskaldunen beste festa handi bat izango da gaurkoa. Atzo gauean Euskal Festa ospatu zuten eta gaur Barègesetik Tourmaleterako 11 km-ak igoko dituzte txirrindulan. Txirrindulariek gertu gertutik entzun eta sumatuko dituzte euskaldunen babesa eta animu ohiuak. Ziur bertan dauden zaleen artean sakandarrak daudela.