Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Sakanako Igeriketa Txapelketa jokatu zen Uharte Arakilen. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu zuen ekitaldia, Uharte Arakilgo Udalaren laguntzarekin. Eguraldiak lagundu zuen eta aritu ziren igerilari sakandarrak - 40 pasa - oso gustura pasa zuten. Sakanan barna dauden igeriketa ikastaroetako igerilariak mailaz maila aritu ziren lehian, ondoko kategorietan: kimuak, haurrak, kadeteak, jubenilak eta helduak. Ohiko estiloetan egin zuten igeri - croll, bular, bizkar eta tximeleta artean aukeratu behar zuten - , baina horretaz gain errelebo eta australiana probetan ere aritu ziren. Errelebo taldeak osatzeko herri ezberdinetako haurrak nahastuta aritu ziren, eta Olazti, Urdiain, Lakuntza eta Irurtzungo igeriketa begiraleak taldeen entrenatzaile lanetan aritu ziren. Proba politak ikusteko aukera izan zen, eta ongi pasatu zuten gaztetxoak. Bukaeran patata tortilla bokata gozoa eta freskagarria dastatu zuten denek, eta autobusez bueltatu ziren etxera. Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko Amaia Gerrikagoitia teknikariak ekitaldiaren balorazio positiboa egin du. "Gustura pasatu dute, eta komentatu digute oso animatuta daudela larunbatean Urdiainen jokatuko den Sakanako Triatloian aritzeko eta 29an Etxarri Aranatzen izango den kaiak jardunaldian parte hartzeko". Aurten ez diete dominarik eman, ustez dominekin aspertuta zeudelako, baina gaztetxoenei halako gauzak ilusioa egiten dietela konturatu dira eta hurrengo urtean dominak banatuko dizkiete.