Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo jokatu zen Pirinioetako azken etapa, Paben hasi eta Tourmalet gainean despeditu zena. La Marie-Blanque eta Soulor mendate gogorren ondotik, Tourmalet tontorrean despeditu zen etapa. Faboritoen artean ez zegoen ezer erabakita, eta hortaz, erasoz beteriko etapa espero zen, etapa ikusgarria, akaso Tourra erabakiko zuena. Eta horrela izan zen hein handi batean. Eguraldi petrala zegoen, euria, lainoa eta hotza, baina hala ere milaka eta milaka zale zeuden etapako mendate eta txoko guztietan barna, gehienak euskaldunak. Aipatu beharra dago ikusle askoren jarrera ez zela egokia izan, telebista kateetan protagonismoa hartzeko mota guztietako keinu eta korrikaldiak egiten baitituzte, asko mozorrotuta, txirrindularien segurtasuna ere baldintzatuz. Bestalde, Jendarmeek ESAITek Tourmaleteraino antolatutako bizikleta ibilaldia debekatu zuten, baina ezin izan zuten ekidin ikurrinak eta bestelako mezuak mundu guztian ikusi ahal izatea. Etapa hasieran Samuel Sanchez lurrera erori zen. Hasieran ez zen apenas mugitzen eta bazirudien lesio larria izango zuela, baina handik tarte batera bizikletara igo eta Egoi Martinez, Iban Belasko, Gorka Verdugo eta gainontzekoen laguntzarekin tropelarekin bat egitea lortu zuen. 2 minutuko aldea izan zuen tropelarekin, baina Alberto Contador liderrak Samuel itxaroteko gomendioa egin zion tropelari, eta min keinuekin bada ere, Sanchezek onenekin bat egitea lortu zuen. Carlos Sastrek (Cervelo), aldiz, eraso egitea erabaki zuen. Zazpikote bat ihes eginda zioan aurrean, distantzia batetara Sastre, eta ondoren tropela. Soulor jaitsi eta Tourmalet igotzeko tarte horretan erritmoa handitu zuten eta Tourmalet igoera hasi bezain pronto hasi ziren mugimenduak. 35 laguneko tropela gelditu zen, ihes egindakoak harrapatu zituzten, eta helmugarako 10 kilometroren faltan eraso egin zuen Schleckek. Soilik Contadorrek eutsi zion eta bien arteko lehia izan zen hortik aurrera. Aurrerago Contadorrek ere erasoa jo baina Schleck ez zitzaion banandu. Horrela, biak parez-pare heldu ziren helmugara: etapa Schleckek irabazi zuen, Contadorrek ez baitzuen garaipenagatik lehiatu, eta Tourra, aldiz, Contadorrek irabaziko duela argi dago. Bi lagunek besarkada batekin bukatu zuten etapa. Aitortza bat izan zen, elkar miresten eta errespetatzen dutela adierazteko keinu garbia. Izan ere, mendian biak parez pare daudela argi geratu da. Bitartean, Sanchez bosgarrena izan zen, 1:32ra, eta Menchov seigarrena, 1:40ra. Sakandarrei dagokionez Gorka Verdugok sekulako etapa egin zuen eta 24.a iritsi zen, 5:15era. Egoi Martinez 58.a izan zen, 11:35era eta Imanol Erbiti 116.a, 28:58ra. Sakandarrek argi eta garbi demostratu dute talde gizon bikain eta preziatuak direla eta lan izugarria egin dute euren liderren alde, Euskaltelekoak bereziki, Samuelen hirugarren postuari eusteko. Geratzen denaContadorrek 8 segundo ateratzen dizkio Schlecki, 3:32 Sanchezi eta 3:53 Menchovi. Sanchezek izan zuen eroriko larria eta gero, etapa salbatzea eta Menchovi 8 segundo ateratzea lortu zuen. Tarte gehiago atera ez izanaz penatuta zegoen Sanchez, Menchov ez baitzuen ongi ikusi. Gaur ihesaldietarako eta gelditzen diren esprinterrendako propioa den etapa dago jokoan, Bordelen despedituko dena, eta sailkapen orokorrean ez da aldaketarik espero, baina biharko 52 km-ko erlojupekoa izango da dena zehaztuko duena. Contador da faborito nagusia, eta hortaz lidergoa sendotuko duela espero da. Sanchezek hirugarren postua eusteko lan izugarria egin beharko du, laugarrena den Menchov 21 segundora baitu, eta bera baita faboritoa. Ikusteko dago hartu zuen kolpeak eragina izango duen hala ez, baina lan handia egin beharko du hirugarren postuari eusteko. Bihar argituko da eta igandean ikusi nor igoko diren podiumera Pariseko Champs Élysées mitikoetan.