Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apiriletik hona Irurtzungo eta Etxarri Aranazko liburutegian euskarazko liburua hartu duenak saria jaso du. Liburuaren irakurketarekin gozatzeaz gain, herriko liburu dendetan liburua erosteko % 25eko deskontu txartela jaso dute. Guztia Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoari esker.Antolatzaileak pozik zeuden ekimenaren emaitzarekin. Etxarri Aranazko udal liburutegiko arduradunaren hitzetan, "egitasmoa indarrean egon den bitartean nabarmen egin du gora euskarazko liburuen maileguak. Gainera gehienek euskal idazleen liburuak hartu dituzte eta ez itzulpenak". 30-40 urtekoen artean sumatu da, gehienbat gorakada. Haurrek ere, betiko martxan, euskarazko liburuak hartu dituzte. Emaitzarekin pozik, beste urte batean ere egitasmoa antolatzea aurreikusten dute. Sari bikoitzaIrurtzungo udal liburutegian 20 bat irakurlek jaso dute deskontu txartela. Euskaraz irakurtzeak bazuen bigarren saria, Aizpea euskara taldeak oparitxoa zozketatu baitu parte-hartzaileen artean. Nerea Balda izan da irabazlea, "liburutegiaren ohiko erabiltzailea" esan digu liburuzainak. Sari banaketa egunean Castillo Suarez altsasuarraren Ebelina Mandarina ezagutzeko aukera izan zuten irurtzundarrek. Liburutegia ederki bete zen.