Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan junior mailako Espainiako Txapelketak jokatu dira Segovian, eta Nafarroako selekzioan Aralar Txirrindulari Taldeko hiru txirrindulari aritu dira: Javier Valencia, Iñaki Mañeru eta Mikel Rubio. Aralar Txirrindularitza Taldeko Iraitz Goñik eta David Echavarrik egin dituzte tekniko lanak. Eta, egia esan behar da, espero baino maila gutxiagoa eman du Nafarroako selekzioak. Tartean, 16 km-ko erlojupekoan Javier Valencia 31.a izan zen, aurreko asteburuan izandako erorikoengatik behar bezala errekuperatu gabe baitzegoen. Eta lineako lasterketan antzera ibili ziren. Rubio gaixorik aritu zen eta lasterketa utzi behar izan zuen, eta Valencia ez zebilen behar bezala bere erorikoa eta gero. Mañeru, aldiz, primeran aritu zen. Junior mailaz gain, beste kategorietako probak izan ziren jokoan. Master 40 mailan Alejandro Maya irurtzundarra 23.a sailkatu zen eta senior mailan Aralar Txirrindulari Taldeko Iraitz Goñi arbizuarra 16.a sartu zen helmugara.