Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alberto Contador, Andy Schleck eta Denis Menchov igo ziren Frantziako Tourreko podiumera. Contadorrek 39 segundo atera dizkio Schlecki - kasualitatez Scheleckek katea atera zitzaionean galdu zuen kopuru bera - , 2:02 Menchovi eta 3:40 azkenean laugarren sailkatu den Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchezi. Contadorrek erlojupekoan asko sufrituta irabazi zuen Tourra, eta Menchovek Samuel Sanchez irabazi zuen erlojupekoan. Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Tour ona egin dute eta talde gizon bikainak direla, konfiantza osokoak, demostratu dute atzera ere. Gorka Verdugo 36.a izan da, 1:10:09ra, lehen nafarra, eta Egoi Martinez 40.a, 1:19:09ra. Samuel Sanchezen alde sekulako lana egin dute, eta eurendako ere pena izan da asturiarra podiumean igo ez izana. Aurten estreinatu den Caisseko Imanol Erbiti, aldiz, 77.a sailkatu da, 2:19:15era. Tourreko test gogorra nota onarekin gainditu du. Gorka VerdugoPare bat kilo galdu ditu Gorka Verdugok aurtengo Tourrean. Gogorra egin zaio, ibilbidea berez oso gogorra zelako, eta aurten sekulako beroa egin duelako. "Uneoro autora jaitsi eta ur bidoiak igotzen aritu gara. Beroa itogarria zen euria egin zuen Pirinioetako etapara arte" adierazi digu. Nekatuta, baina egindako lanarekin pozik dagoela esan digu. Tourrean urtetik urtera hobetzen doa etxarriarra, eta aurten lehen nafarra izan da. Datu horiei ez die aparteko garrantzirik ematen, ordea. Talde gizon umila, argi du zein den bere egitekoa. Aurten etaparen bat irabaztea zen taldearen helburua, baina Samuel Sanchez talde burua hirugarren postuan jarri zenetik, postuari eusteko sekulako lana egin behar izan zuten Euskaltelekoek. Tamalez, erlojupekoan Menchovek menpean hartu zuen Samuel, eta hirugarren postua kendu zion. "Amets bat zen hirugarren postu hori lortzea, baina saiatu gara. Postua galtzean Samuelen erorikoak eraginik izan ahal zuen? Beno, ez dut uste Menchovek erlojupekoan lortu zuen errenta hori atera ahal izango genuenik" dio. Pirinioetako zaleen berotasuna eskertzen du, baina hirugarren postua mantentzeko lan horrengatik ez omen da egon zaleekin beste batzuetan egon ohi den bezain adi. Mendiko etapetan zaleak gehiegi hurbiltzen zaizkiela eta horrek txirrindulariengan arriskua sortu ahal ote duen polemikaren inguruan mintzatu da. "Tropela iristen den heinean zaleak ertzetara jotzen dute, zabaltzen dira, eta gainera guk distantzia horiek ongi kontrolatzen ditugu. Okerrena da norbait alboan korrika jartzen zaizunean" dio. Bestetik, hasierako galtzadarrien etapak uste baino hobe pasatu zituen. "Horietako batean gurpila zulatu eta atzean geratu nintzen, eta hortik aurrera lasaiago joan nintzen. Zorionez ez genuen ondorio nabaririk izan". Euskaltel-Euskadirekin aurten bukatzen du kontratua. Talde laranja babesle gehiagoren bila dabil, aurrekontua estali ahal izateko. "Jarraituko dutela diote, nahiz eta krisiaren eraginez murrizketaren bat egon. Itxaroten gaude, ea zer proposatzen diguten" aipatu du. Larunbatean Donostiako Klasikoan egonen da. "Oso proba inportantea da, polita eta gustukoa. Bukatzerakoan atseden hartuko dut eta orduan ospatuko dut Tourra eta beste bukatu izana, Etxarriko festetan". Baina ondoren Espainiako Vueltan fin egoteko behar bezala prestatu beharko da. Egoi MartinezEgoi Martinez ere konforme dago egindakoarekin. "Egon beharko, ez? Oso nekatuta nago eta akaso ez da nire Tourrik onena izan, luzimendu pertsonalaren aldetik eta ez zaidalako gehiegi ere ikusi. Baina nahiko ongi ibili naiz, izan ditudan arazoak kontuan izanda. Erorketa bat izan nuen, hankan infekzioa dut eta antibiotikoak hartzen aritu behar izan naiz. Tour zailagoa izan da, baina ahal dudana egin dut eta alde horretatik konforme nago" adierazi dio Guaixeri. Samuelen hirugarren postuari eusteko lanarengatik Tour ezberdin bat izan dela gaineratu du etxarriarrak. "Aukera asko genituen podiumerako eta hori izugarrizko gauza zen guretzat. Horregatik ezin izan gara ihesaldietan eta beste egon, Samuelen ondoan egon behar ginen, baina talde lan ona egin dugu eta kontentu gaude. Pena izan da hirugarrenak ez izatea, baina Menchovek irabazi zuen Samuel erlojupekoan, ez da gertatu beste faktoreren batengatik galdu izatea, eta alde horretatik konforme gaude. Talde bezala oso ongi ibili gara eta kontuan hartuta gure taldearen ezaugarriak, euskaldunez osatutako taldea garela eta beste, handia da hori" azpimarratu du Egoik. Nekatuta iritsi da Egoi, baina soilik kilo bat galdu du Frantziako proban. "Tourrera nahiko fin iristen gara eta!". Verdugok bezala, beroa izugarria izan dela aipatu du. "Nire zazpigarren Tourra izan da eta sekula ez dut halako berorik pasa, egunero-egunero gainera. Ni hotzarekin eta euriarekin hobeto moldatzen naizela kontuan hartuta pentsa!" dio irribarrez. Hasierako galtzadarrien etapan uste baino hobe moldatu zela adierazi du, eta zaleen animoak eskertu ditu. "Zaleak horren hurbil egotea, beti horrela izan da. Horrek egiten du berezi Tourra. Gainera, zaleak beharrezkoak ditugu" adierazi du. Larunbateko Donostiako Klasikoaren ondoren atseden hartuko du, eta Etxarriko festetan bi egun egongo da bizikleta hartu gabe. Baina ondoren Espainiako Vuelta prestatzen hasi beharko da, bertan maila ona eman nahi baitu. Aurten despeditzen zaio kontratua Egoi Martinezi eta etorkizunak zer ekarriko dion ez daki. "Aste hau gakoa da taldearendako. Hurrengo urterako duten aurrekontua zehaztuko dute eta horren arabera proposamenak egingo dizkigute. Egiten didatena aztertuko dut eta horren arabera hartuko dut erabakia. Gero gerokoak" adierazi du. ErbitiBestalde, Hiriberriko gurasoak dituen Imanol Erbitirendako aurtengoa bere lehenengo Tourra izan da. Ongi aritu da eta gustura despeditu du proba, baina gustatu ahalko zitzaion akaso ihesaldietan gehiago sartzea eta taldekideren bati etapa garaipen batean lagundu ahal izatea. Dena den, nota onarekin pasatu du proba eta talde gizon leiala dela probatu du. Erbitik ere ez daki zer ekarriko dion etorkizunak. Caisse d´Epargnek ez du gehiago taldea babestuko, eta babesle berrien bila dabil Unzué. Lasai dago Erbiti, baina jakina da beste taldeen proposamenak ere iritsi zaizkiola. Aurrerago hartuko du erabakia.