Ostalari eta dendariendako oinarrizko euskara ikastaroa

Guaixe 2010eko uztailaren 29a

Bi sektore horietako profesionalen neurrira antolatu dute ikastaroa Sakanako  Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta AEK-k. Ikastaro horrekin, Mankomunitateak beste pauso bat eman nahi du Sakanako zerbitzuetan euskalduntzea bulkatzeko eta euskararekiko sentiberatzea lantzeko; "izan ere, gero eta gehiago dira euskarazko zerbitzua eskatzen duten bezeroak, eta ezinbestekoa da dendetan eta ostalaritzan euskaraz egiteko aukera izatea". Ostalari eta dendariei egokitutako metodologia berezitua eta egokitua erabiliko da saioetan, ikastaroaren helburua baita "eguneroko truke arruntetan bezeroekin euskara erabiltzen ikastea". Aldi berean, "dendetan eta ostalaritzan dagoen ageriko informazioa sortzen ere ikasiko dute eskualdeko profesionalek (errotuluak, eskaintzak, abisuak...)".XehetasunakIzena ematen duten profesionalek 60 orduko doako ikastaro batean parte hartuko dute. Euskara ikasi nahi dutenek, hasi berriak direnek eta euskaraz egiten hastea kostatzen zaienek eman dezakete izena. Guztiei ikastaroak lagunduko die "euskara ikasteko hasierako prozesuan, hitz egitera animatuko ditu eta ohiko trukeak euskaraz egiteko aukera emanen die". Ikastaroa irailaren 27tik azaroaren 26ra izango da Altsasuko AEK euskaltegian, 15:00etatik 16:30era (Gartzia Ximenez 46). Mankomunitateak irailean informazio gehiago zabalduko du, baina jakinarazi nahi du izen-ematea irailaren 20an eta 21ean egin beharko duzuela, 689 029 780 telefonoan edo aranatz.euskara@sakana-mank.com  helbidean.