Ezker abertzalea "erantzunkizunagatik" aurrekontuen bozketan abstenituko da

Guaixe 2010eko uztailaren 29a

Gaur 18:00etan Altsasuko Udala bilduko da eta aztertuko dituzten gaien artean aurtengo aurrekontua izanen da. Iazkoa ez zen onartu eta 2008ko aurrekontuen luzapenarekin aritu da udala. Aurtengoa, berriz, gaur onartuko direla dirudi. Ezker abertzaleak hori "ahalbideratzeko erantzukizun ariketa egin du eta abstentziora" joko duela iragarri du. Bere botoa argudiatzerakoan hautetsi independentistek azaldu dute "herriarekiko errespetu gisa; premiazkoa delako, altsasuarrek merezi dutelako, areago kaltetuak ez izateko" abstenituko direla. Ezker abertzaleak "argi" utzi nahi izan du "NaBaik orain arte egindako kudeaketa ezin okerragoa izan dela eta ez datorrela bat guk proposatzen dugunarekin". AzterketaAltsasuko Udaleko hautetsi independentistek legegintzaldi honetan NaBaik aurrekoan Aralarrek "hasitako inbertsioen eromenarekin jarraitu du. Udalaren zorrak handitu egin dira  eta horrekin batera gastu arruntak". Aurrekontuak onartuz gero zein ondorio izanen liratekeen ere nabarmendu dute hautetsiek: "udal langileen kaleratzeak, haur eskola ixtea, zorrak ezin ordaintzea, kirol eskolak bertan behera gelditzea, zinemarik ez egotea edota defizita etorkizunerako zama izatea". Egoera ekonomikoa kontrolatzeko presazko neurriak behin eta berriro eskatu dituztela gogorarazi dute ere eta "2011ko egoera ez dela hobea" gaineratu dute. "Alkatetzak egindako kudeaketa eskasagatik 274.000 euro ordaindu" beharko direla nabarmendu dute ezker abertzaletik. Nafarroako Gobernua ere kritikatu dute adinduen egoitza, musika eskola eta gizarte zerbitzuen mankomunitatearen zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren eskumenak direla nabarmendu dute eta mantentzeko diru gehiago eskatu diote.