Vuelta: atsedena eta gero, aste gogorra zain

Guaixe 2010eko irailaren 7a

Atzo lehendabiziko atseden eguna bizi izan zuten Espainiako Vueltan parte hartzen ari diren txirrindulariek, eta aurrean aste gogorra dute zain, erabakiorra izan daitekeena. Euskalteleko Igor Anton da liderra, eta Euskaltelekoek, sakandarrak tartean, lan gogorra eginen dute bere lidergoa mantentzeko. Caisseko Joaquim Rodriguez da Antonen arerio gogorrenetakoa, eta bere gizonek ere, Erbiti tartean, lidergoa lortzen saiatuko dira. Gaur Tarragonan hasi eta Vilanova i la Geltrún despedituko da etapa. Tartean lehen mailako Alto del Rat Penat gainditu beharko dute, malda gogorrak dituena. Ondoren Pirinioetako etapa gogorrak datoz. Gogoratu sailkapen orokorrean Anton dela lider baina denbora berean dagoela bere arerio nagusia, Caisse d´Epargneko Joaquim Rodriguez. Gainontzeko faboritoak ere - Nibali, Schleck eta beste - zelatan daude. Sakandarrei dagokienez Egoi Martinez 40.a da, 10:48ra; Erbiti 67.a, 38:23era; Gorka Verdugo 88.a, 44:13ra; Jose Luis Arrieta 97.a, 49:07ra; eta Pablo Urtasun 106.a, 58:27ra.