Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etapa ederra izan zen atzokoa, kategoriaz kanpoko Andorrako Vallnord / Sector Pal gainean despeditu zena. Ordura arte etapa nahiko laua zen, baina portuko lehen maldetatik aurrera hasi zen mugimendua. Hasieran Joaquim Rodriguez liderraren Katushak eta Menchoven Rabobankek erritmoa gogortu zuten, eta Euskalteleko Igor Anton atzealdean zihoan. Xacobeoko Ezequiel Mosquerak jo zuen lehenengo erasoa 5 km-ren faltan, eta soilik Joaquim Rodriguezek eta Liquigaseko Vienzo Nibalik erantzun zioten. Atzetik Igor Antonek eta Franck Schleckek aurrekoak harrapatzeko borroka hasi zuten, baina 8-10 segundoko tartea ezin gainditu zebiltzan.Bat-batean liderrak sekulako pajara izan zuen eta atzean geratzen hasi zen, eta Igor Antonek bera aurreratzea lortu zuen, eta handik gutxira berdin gertatu zitzaion Nibaliri, eta Antonek ere aise aurreratu zuen. Horrela, hortik aurrera erasoa gogortu zuen Antonek eta lehena zioan Mosquera bera aurreratu eta helmugan bakar-bakarrik agertu zen, bere bigarren etapa eta lidergoa eskuratuz. Mosquera 3 segundora sartu zen.Sakandarrei dagokionez, Egoi Martinez 53.a izan zen, 4:56ra; Gorka Verdugo 68.a, 7:53ra; Jose Luis Arrieta 80.a, 10:46ra; Pablo Urtasun 115.a, 19:14ra, eta Imanol Erbiti 124.a, denbora berean.Euskalteleko Igor Anton liderrak tarte polita zabaldu du bere arerioekiko. Nibali dago bigarren, 45 segundora, Tondo hirugarren, 1:04ra, Rodriguez 4.a, 1:17ra eta Mosquera bosgarrena, 1:29ra. Egoi Martinez lehen sakandarra da, 16:04ra. Imanol Erbiti 74.a da, 55:59ra; Gorka Verdugo 91.a, 1:07:26ra; Jose Luis Arrieta 101.a, 1:15:11ra; Pablo Urtasun 112.a, 1:32:57ra.Gaur. Gaur Andorra la Vella eta Lleida arteko 175 km-ak dituzte aurrez aurre, eta soilik 2. Mailako Coll de Boixols portua gainditu beharko dute, 1.335 metrokoa. Euskaltelekoek lan handia egin beharko dute Igor Anton liderra babesten.