Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Toki Administrazio Departamentuak 2 milioi euro bideratuko ditu administrazio elektronikoaren eta energia efizientziaren hainbat proiektu martxan jartzeko. Sakanako bost udalek administrazio elektronikoa garatzeko bost proiektu eta energia efizientziaren arlorako hiru proiektu aurkeztu zituzten. Lehen ataleko laguntzarekin Lakuntza Udalak administrazio elektronikoa ezartzeko laguntza jasoko du (6.322,61 euro). Arbizuko Udalak udaletxeko sarea eta ordenagailuak egokituko ditu (5.000 euro). Etxarri Aranazko Udalak, berriz, informazioa eskuratzeko legedira egokituko da (8.500 euro). Altsasuko Udalak bere eraikinak zuntz optikoarekin lotzeko asmoa du (13.500 euro). Azkenik, Olatzagutiako Udalak administrazio elektronikoa ezartzeko bigarren fasea aurrera eramateko laguntza jasoko du (8.500 euro). Energia efizientziari dagokionez, Arbizuko Udalak udaletxeko 2. solairuko argiteria berrituko du (10.000 euro). Etxarri Aranazko Udalak Arangorrietako argiteria publikoa berritu du (10.000 euro). Azkenik, Olatzagutiako Udalak Akelarre ludotekako argiteria ordezkatuko du (10.000 euro).