Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteek aurrera egiten dute eta zilarrezko ezteiak ospatzeko txanda heldu zaio Sakanako Mendizaleak taldeari. 25 urte bete ditu. Sakanako Mendizaleak taldeko kideak Sakanako beste klubetako kideak dira ere - Altsasuko Mendigoizaleak, Udaberri, Larrañeta, Iratxo eta beste - baina hilero urrunago dauden mendi ibilbideak antolatu eta autobusa atera ahal izateko eta beste arrazoi batzuengatik Sakanako Mendizaleak taldea sortzea erabaki zuten duela 25 urte. Horrela, hilero irteera antolatzen dute autobusez, beste hainbat ekitaldirekin batera. 25. urteurrena ospatzeko igandean mendi irteera bat eginen dute. Hitzordua goizeko 9:00etan jarri dute, Arbizuko plazan. Lau ordu inguruko ibilaldia izango da, "laua, lasaia, ahalik eta jende gehienak egin ahal izateko" adierazi digu Sakanako Mendizaleak taldeko Ubedak. Urte luze hauetan Sakanako Mendizaleak taldeko kide izan direnak edo taldearekin ibilbideak egin izan dituztenak gonbidatu nahi dituzte igandeko ibilbidera, 25 urteak ospatzeko. Eta, jakina, ospakizuna borobiltzeko guztiak mahaiaren inguruan bilduko dira. Arbizuko jubilatuetan izango da bazkaria, eta ohiko tokietan eta telefonoetan eman daiteke izena. Urrian erakusketak eta proiekzioak"Ahalik eta jende gehiena bildu nahi dugu, Sakanako mendizaleak, egun ibiltzen garenak eta baita 25 urte hauetan ibili izan direnak ere. Buelta eman, bapo bazkaldu eta ongi pasatzea da kontua" dio Ubedak. Baina ospakizunak ez dira igandean amaituko, urrirako proiekzioak, argazki erakusketak eta beste antolatu nahi baitituzte.