Gazteriaren Mundu Jardunaldiko gurutzea Zamartzen bisitan

Guaixe 2010eko irailaren 7a

Heldu den urtean, agorrilaren 16tik 21era, Gazteriaren Mundu Jardunaldia ospatuko da Madrilen. Han presente izanen diren Gazteen Gurutzea eta Ama Birjinaren ikonoa elizbarrutietatik pasatzen ari dira, jardunaldien prestakuntza gisa. Aurreko astean Nafarroan izan ziren eta igandean Sakanan geldialdia egin zuen.Uharte Arakilen, Zamartze ondoan, egin zieten sakandarrek harrera. Mikel Gartziandia Aralarko santutegiko bikarioak txistuaz ongi etorria eman zion. Santutegitik gurutzea jaitsi zuten gazteei gurutzea eramaten lekukoa hartu zieten gazte uhartear, lizarragatar eta etxarriarrak. Haiek arduratu ziren gurutzea Zamartzera sartzeaz eta aldare ondoan kokatzeaz. Ama Birjinaren ikonoa aldare aurrean zegoela ospatu ziren bezperak. Goizean gurutzea Aralarko santutegian izan zen, Larraungo Artziprestazgoaren erromerian.  Gazteen gurutzea Joan Paulo II.ak gazteei 1984an eman zien; Kristoren maitasunaren eta entregaren adierazgarria izateko eman zien, eta, era berean, konpromiso misiolaria.