Irailaren 11 madarikatu hori

Guaixe 2010eko irailaren 13a

Hori pentsatuko dute Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek, larunbatean liderra zen Igor Antonek eta haren laguntzaile eta gelakide Egoi Martinez etxarriarrak bereziki. Espainiako Itzulia lortzeko aukera asko zituen Antonek, primeran erantzuten ari zen eta lider zen, arerioekiko tartea zabalduta. Baina larunbatean Peña Cabargan despeditu zen etapako helmugarako 7,5 km falta zirenean, azkeneko portua igotzen hastear zeudela, lurrera erori zen Igor Anton. Nonbait zulo, adar edo bidoi batekin talka egin zuen eta lurrera erori zen, eskuineko ukondoa apurtuz. Egoi Martinez bere atzean zihoan, eta ezin izan zuen ezer egin erorikoa ekiditeko. Lurrera joan zen eta etxeko bidea hartu zuen ere, sorbaldan luxazioa eta kolpe fuertea zuela. "Azkar gindoazen, orduko 60 km ingurura, eta Antonen atzetik nindoan, Peña Cabarga igotzen bera lagundu ahal izateko. Zerbait zapaldu eta lurrera erori zen Anton, eta nik ezin izan nuen neure erorikoa ekidin" zioen Etxarrikoak. Euskaltelendako ametsa bukatu zen. Jota gelditu ziren talde laranjakoak. "Animikoki jota nago, eta nire kirol ibilbidean negar egiten dudan bigarren aldia da honakoa. Ez genuen hori merezi, zorte txar hori. Sekulako lana ari ginen egiten, liderra sendoa zen eta taldea ere oso sendo zegoen. Eta guztia ongi zegoela zirudienean jota gelditu gara" zioen Egoik. Etxarriarrarendako bukatu da denboraldia, fisikoki kolpe asko eta sorbaldako luxazioa duelako. Orain atseden hartuko du, osatu arte. Gertaerak eragin zuzena izan du Espainiako Vueltan. Euskalteleko gainontzeko txirrindulariak jota daude, baina aurrera egin dute. Helburuak, nolanahi, aldatu egin dira, eta Madrilera heltzea jada lorpena izanen da eurendako. Bestalde, larunbateko etapa Katushako Joaquim Rodriguezek irabazi zuen eta Vicenzo Nibali zen lider berria. Arrieta atzo erretiratu egin zenAtzo, Covadongako Lakuetan bukatu zen etapa, etapa ikusgarria, eta beste berri txar bat izan genuen: Ag2r-ko Jose Luis Arrieta txirrindulari handia bizikletatik jaitsi eta Vuelta utzi zuen. Euria ari zuen Lakuetan, gogotik, eta etapa erdialdean abandonatu zuen Uharte Arakilgoak. Nonbait aurreko etapetatik arazoak zeuzkan ¬ - eskuineko hankan giharretako lesioa zuen ostiraletik, eta horrek kontrakturak sortzen zizkion - , eta ezin izan zuen gehiago. Litekeena da hau bere azken Vuelta izatea, aurten erretiratzea pentsatzen duelako. Lasterketari dagokionez, Carlos Barredok irabazi zuen Covandogako Lakuetako etapa, sekulako ihes egindako taldetxoan erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta. Caisseko Imanol Erbiti 86.a izan zen, 17:26ra, Gorka Verdugo 110.a, 20:55ra eta Pablo Urtasun 159.a, 22:58ra. Sailkapen orokorrean Liquigaseko Vincenzo Nibalik jarraitzen du lider, Joaquim Rodriguez 4 segundora eta Ezequiel Mosquera 39 segundora dituela. Erbiti 77.a da, 1:28:26ra; Gorka Verdugo 96.a, 1:45:06ra; eta Pablo Urtasun 117.a, 2:15:52raGaurkoa. Gaur Gijonen hasi eta Cotobellon despedituko da Vueltako 16. etapa, mendatez jositakoa. Hirugarren mailako Alto de la Cabruñana eta lehen mailako Alto de San Lorenzo, Puerto de la Cobertoria pasa beharko dituzte, lehen mailako Cotobello gainan despeditzeko. Sailkapen orokorrari begira erasoak espero dira. Beste etapa ikusgarri bat, finean.