Vuelta: Euskaltelen berpizkundea. Mikel Nieve garaile etapa nagusian

Guaixe 2010eko irailaren 14a

Euskaltel Euskadi taldeak talde sendo eta bikaina dela demostratzen ari da behin eta berriz. Larunbatean Igor Anton liderra eta Egoi Martinez galdu eta gero, eta igandean Beñat Intxaustiren erretiroa eta gero, taldea jota zegoen, eta bazirudien nahikoa lan izango zutela soilik igandean Madrilera heltzearekin. Baina ez. Zezenari adarretatik heltzea erabaki dute txirrindulariek, beste helburu eta ilusio batzuengatik borrokatzea, eta erretiratu behar izan diren euren taldekideak omentzeko dena eman zuten. Eta nola gainera. Atzoko etapa nagusian - Gijonen hasi eta lehen mailako Cotobello gainean despeditu zena, hirugarren mailako Alto de la Cabruñana eta lehen mailako Alto de San Lorenzo eta Puerto de la Cobertoria pasa eta gero - sekulako lezioa eman zuen talde laranjak. Zeren Mikel Nieve leitzarra izan zen etapa garailea, baina garaipena talde guztiarena izan zen, sekulako lana egin baitzuten denak. Euskaltelekoen estrategia bikainaVueltako etapa erregina zen atzokoa, nagusiena, bere gogortasunagatik. Euskalteleko Juanjo Oroz eguneko ihesaldian sartu zen, eta handik gutxira Amets Txurrukak eta Mikel Nievek egin zuten salto, ihes egindakoei geroz eta gehiago hurbilduz. San Lorenzo igotzean Juanjo Orozek Txurrukari eta Nieveri itxaron egin zien, eta aurrean zeuden txirrindulariak harrapatu zituzten. La Cobertoriako portuan Oroz atzean gelditu zen, ordura arte lan gogorrena egin baitzuen, eta Txurrukaren txanda izan zen ondoren. Gainera, Luis Leon Sanchez, Tom Petersonek eta Kevin de Weertek ere erreleboetan parte hartu zuten, eta taldetxoak ia 3 minutuko aldearekin iritsi zen Cotobelloko lehen arranpetara. Hor jo zuen erasoa Mikel Nievek, eta soilik Luis Leon Sanchezek jarraitu ahal izan zion, baina metro eskas batzuetan. Leitzakoak aurrera egin zuen bere indar guztiekin, atzean mugimendua zegoela jakitun. Besteak beste Frank Schleck eta Carlos Sastreren erasoak izan ziren, baina ez zuten Nieveren garaipena zalantzan jarri. Bakarrik heldu zen helmugara Nieve, bere taldekideen lana bikain errematatuz eta Frank Schlecki minutu bat eta sei segundo atereaz. Mikel Nieve 11.a kokatu zen sailkapen orokorrean 6:30era. Pablo Urtasun 61.a sartu zen, 25:27ra eta Gorka Verdugo 63.a, denbora berean. Caisseko Imanol Erbiti 127.a izan zen, 36:26ra. Jakina, Nievek talde guztiari, familia eta lagunei eskaini zien garaipena. Bereziki Egoi eta Anton izan zituen gogoan. "Anton zen indartsuena eta berak irabazi behar zuen Vuelta, lan ikaragarria egiten ari ginen" zioen Nievek. Lider aldaketaSailkapen orokorrean lider aldaketa eman zen. Katushako Joaquim Rodriguezek jantzi zuen atzera ere maillot gorria, Liquigaseko Vincenzo Nibaliri etapako azken kilometroan ateratako tarteari esker. Nibali bigarrena da, 33 segundora eta Ezequiel Mosquera hirugarrena, 53 segundora. Sakandarrei dagokionez Imanol Erbiti 85.a da, 2:03:26ra; Gorka Verdugo 92.a da, 2:09:07ra; eta Pablo Urtasun 111.a, 2:38:53ra. Gaur atsedena Mendiko etapa gogorren atzetik merezitako atsedena hartuko dute gaur txirrindulariek. Horrela, asteazkeneko Peñafielgo 46 km-ko erlojupekoa prestatzeko aukera izango dute.