Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Duela 25 urte sortu zen Sakanako Mendizaleak taldea eta zilarrezko ezteiak ospatu beharra zegoen. Horrela, igandean goizeko 9:00etan hitzordua jarri zuten Arbizun, bi asmorekin: lehenik eta behin Borden ibilbidea egitea, eta, ondoren, bapo bazkaltzea. 60 mendizale baino gehiago bildu ziren Arbizuko borden ibilbidea egiteko. Sakanako Mendizaleak taldeko Ubedaren esanetan, erantzuna oso ona izan zen. "Espero baino jende gehiago hurbildu da. Sakanako mendi klub guztietako pertsonak zeuden, Altsasuko Mendigoizaleak, Sutegi, Udaberri, Larrañeta, Iratxo eta beste, eta normalean biltzen garenez gain, aspaldi taldearekin mendira hurbiltzen ez ziren mendizaleak ere animatu ziren" zioen. Horretaz gain, Nafarroako Mendi Federazioko presidenteak ere bat egin zuen deialdiarekin. Lau orduko ibilbidea da Arbizuko bordetakoa, eta bukaeran auzatea egin zuten. Giroa oso polita izan zen. Jai eguna borobiltzeko, 40 pertsona inguru bildu ziren Arbizuko jubilatuetan antolatutako bazkarian. Aipatzekoa da 25. urteurreneko ospakizunak ez direla amaitu. Urrirako proiekzioak, argazki erakusketak eta beste antolatu nahi dituzte. Igandean Besaideko oroimen eguneraSakanako Mendizaleak Taldeak mendi irteera antolatu du igandean, hilaren 19an, Besaideko Oroimen Egunera. Autobusa goizeko 6:30ean aterako da Irurtzundik, Sakanako gainontzeko herrietan geldialdia eginez. Ibilaldi ederra eginen dute, Besaide helmuga. Besaide Udalaitz eta Anbotoren artean dagoen 564 metroko mendia da, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa arteko muga egiten duena. 1995. urtetik eta Euskal Mendizale Federazioak antolatuta, Besaide tontorrean mendi istripuz hildako euskal mendizaleak oroitzen dira. Elizkizuna eta omenaldi xumea izaten dira.