Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak aldaketak egin ditu Euskara Zerbitzuan. Maider Goñi teknikariak zerbitzua utzi du eta horrek ekarri du berrantolaketa. Migel Angel Zubiriak, mankomunitateko presidenteak azaldu digunez, lanaldiaren bi heren zituen itzultzailea lanaldi osoa izatera pasako da. Berak itzulpenak egiteaz gain Maiderren lanaren zati bat eginen du, "Aranatz aldea eta zenbait programaren ardura hartuko ditu". Zubiriak azaldu duenez, "berak ezin izanen du dena egin eta beste bi teknikariek ere lagunduko diote". Irurtzunen eta Altsasun zeuden teknikarien lantokia Lakuntza izanen da aurrerantzean. Hala ere, bakoitzak bere lan eremuaz arduratzen segituko du, Arakilez eta Burundaz. Lantokiaren aldaketaren inguruan Zubiriak argitu digu, "Maider joatean zerbitzua teknikaririk gabe gelditzen zen Lakuntzan. Izan ere, itzultzaileak etxetik lan egiten zuen. Orain lanaldia luzatzearekin %20 bulegoan egin beharko du, hau da, astean egun bat". AztertzekoBerregituraketaren ondoren Euskara Zerbitzuko programek eta helburuek indarrean jarraituko dute. Hurrengo hilabeteetan nola moldatzen den ikus beharko dela ere esan digu. Beste teknikari bat kontratatzeko aukeraz galdetuta mankomunitateko buruak bi gai jarri ditu mahai gainean: batetik, udalek mankomunitatearen aurrekontu zirriborroaren inguruan emanen duten iritzia. Eta, bestetik, Nafarroako Gobernutik Euskara Zerbitzurako jasotzen duen diru-laguntza "urtetik urtera txikitzen dena". Horiek eta berrantolaketaren esperientzia aztertu eta gero hartuko da erabakia. Horretan ere, legegintzaldia despeditzear dela kontuan izanen da. BilakaeraAurreko legegintzaldian Euskara Zerbitzuan bi teknikari lanaldi osoan, lanaldiaren bi heren zituen itzultzailea eta Bai Euskarari ziurtagiriko teknikaria lanaldiaren heren batean aritzen ziren. Legegintzaldi honen hasieran euskara teknikari berri bat kontratatu zuen mankomunitateak eta Bai Euskararirena utzi zuen. Horrekin batera Euskara Zerbitzua deszentralizatu zen eta teknikariei lan eremu bana eman zien (Arakil, Aranatz eta Burunda). Arakilez arduratzen den teknikaria Irurtzunen izan da orain gutxira arte, eta Altsasun Burundakoa. Aurten eman da azken aldaketa: Goñi lanaldi erdian aritu izan da, lana utzi duen arte.