Euskara + natura = Oinez Basoa

Guaixe 2010ko ira. 21a, 00:00

Hainbatek egindako diru ekarpenekin sortu da Arbizuko Utzubar dermioan Oinez Basoa. Haren helburua euskararen irakaskuntza Nafarroan eta ingurumenaren zaintza laguntzea da. Andra Mari ikastolak jarri zuen martxan ekimena eta Atarrabiako Paz de Zigandak eman dio segida. Basoan landatutako zuhaitzen bidez bi ikastolen egitasmoak bihurtzeko bitartekoak lortu dira.

Irekiera
Larunbateko irekiera festan  200 bat pertsona bildu ziren. Ekimenaren sustatzaile diren erakundeek hartu zuten hitza basoaren ondoan. Hala, Arbizuko alkate Josu Mendinuetak proiektua egi bihurtzeagatik pozik azaldu zen. Mendinuetaren esanetan "proiektua lanabes erangikorra delako euskara, natura eta hezkuntza lotzeko". Udalak emandako 70.000m2-ak gogora ekarri zuen eta basoa bisitatzea animatu zuen. Andra Mari Ikastolako lehendakaria Pello Urzelaik, bestalde, basoa tresna pedagogiko bikaina dela esan zuen eta aurreratu zuen unitate didaktiko bat garatzeko asmoa dutela.

Mikel Asiainek, Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak, basoa ikastolen mugimenduarekin berdindu zuen, biak herri ekimentzat emanik  giza interesa irudikatzen dutela esan zuen. Eragile desberdinen arteko fruitua zela gehitu zuen, instituzio publikoak barne. Asiainek aurreratu zuenez, "etorkizunean Nafarroa Oineza antolatuko duten ikastolek ekimen honi jarraipena emanen diote, euskara laguntzeaz gain aldaketa klimatikoaren kontra borrokatuz eta ingurumenaren hobekuntzarako lan eginez".

Azkenik, Landa garapen eta Ingurumen kontseilariak Begoña Sanzberrok hitza hartu zuen. Azaldu zuenez, "Oinez Basoa bezalako ekimenak bat datoz Nafarroako Gobernuaren baso politikarekin". Haren u ustez, basoak balio patrimonial handia duelako eta airearen kalitatean duen eraginarengatik. Gobernua proiektuaren alde dagoela gaineratu zuen eta aurrera egiteko bultzatu zituen antolatzaileak. www.oinezbasoa.com   Bederatzi espezietako 5.551 zuhaitzek osatzen dute Oinez Basoa. Oraindik ere mila bat babesteko daude. Babesle izan nahi duenak web orrian sartu eta han izanen du aukera babesle egiteko. 20 euro ordaindu behar dira.