Vuelta Nibalirendako

Guaixe 2010eko irailaren 21a

Bukatu da Espainiako Vuelta. Igandean Madrilgo Castellana pasialekuan despeditutako etapa esprinterren artean erabaki zen eta Garmin taldeko Tyler Farrarrek Columbiako Mark Cavendish garaitzea lortu zuen. Sailkapen orokorrari dagokionez, Liquigaseko Vicenzo Nibalik larunbatean Bola del Mundo gainean despeditzen zen etapa gogorrean Xacobeo-Galiciako Ezequiel Mosquerak egindako eraso guztiei aurre egin zien eta Espainiako Vuelta irabaztea lortu zuen, Mosquerari 41 segundo atereaz. Hirugarrena Columbiako Peter Velits izan da, 3:02ra. Vuelta honetan ez zegoen izar handirik, baina hala ere interesa azken uneraino pil-pilean egon da. Euskalteleko Igor Antonek irabazteko aukera guztiak zituen, baina Egoi Martinezekin batera izandako erorikoa eta gero biek etxeko bidea hartu behar izan zuten, eta hortik aurrera Nibali, Joaquim "Purito" Rodriguez eta Ezequiel Mosqueraren arteko lehia estua izan da. Azkenean italiarrak lortu du maillot gorria. Larunbateko La Bola del Mundoko etapa ederra izan zen, ikusgarria, etengabeko erasoekin. Ezequiel Mosquera erasotzaileak irabazi zuen etapa, baina ezin izan zuen lidergoa eskuratu, bere atzetik sartu zen Nibalik bikain erantzun baitzuen. Aipatzekoa da Pablo Urtasun esprinterrak egindako lana, 21.a heldu baitzen Bola del Mundora, Mosqueratik bi minutu eta 11 segundora.  Sakandarrak chapeauTxirrindulari sakandarrek sekulako itzulia egin dute. Egoi Martinezek utzi behar izan zuen baina ordura arte Igor Antonen ezkutari fidela izan zen, eta haien taldekide Pablo Urtasun eta Gorka Verdugok talde lan itzela egin dute. Bestalde, Caisse d´Epargnen dabilen Imanol Erbitik etapa garaipen bat lortzeaz gain talde lan ona egin du. Eta tamalez, Ag2r-ko Jose Luis uhartearrak Vuelta utzi behar izan zuen eskuin belaunean min izugarria zuelako. Zorionez ez du hausturarik izan, baina uhartearrari amorru handia eman zion Vuelta hala uztea, bere azkeneko Vuelta izan behar baita. Izan ere, aurten utziko du txirrindularitza profesionala Arrietak, 39 urterekin. Ibilbide ikusgarria egin du, esperientzia handiko talde gizon bikaina, oso baloratua, eta nahiz eta bere taldeak segitzeko eskaintza egin uzteko erabakia sendoa omen dauka Arrietak. Beti maila bikaina eman du baina aurten arazoak izan ditu lesioekin, eta bere ibilbidea Madrilen bukatzea  merezi zuen uhartearrak, ohore guztiekin, baina, tamalez, ezinezkoa izan da. Sailkapen orokorrean 78.a izan da Imanol Erbiti, 2:13:50era; 84.a Gorka Verdugo, 2:21:50era; eta 101.a Pablo Urtasun, 2:49:40ra. Juniorrak. Javier Valencia garaile TafallanAralar Txirrindularitza Taldeko Intersport-Irabia junior mailako Javier Valenciak 5. Suministros Urvaca Trofeoa irabazi zuen larunbatean, Oliten ihes egin eta gero Tafallako helmugara bakarrik helduta.