Bi sakandarren margolanak Japoniara bidean

Guaixe 2010eko irailaren 23a

Iruñea eta Japoniako Yamaguchi hiriaren arteko senidetzeak 30 urte beteko ditu aurten. Urtemuga ospatzeko ekitaldien barruan, Nafarroako margolarien pintura erakusketa antolatu dute Yamaguchi hirian. Iruñeko Orizuru galeriak antolatu du ekimena, bi udalen laguntzarekin. Erakusketak urriaren 2tik 8ra irekiko ditu ateak.Nafarroako 12 artistek parte hartuko dute talde erakusketan, tartean Etxarri Aranazko Alvaro Mundiñanok eta Altsasuko Itziar Nazabalek. Bi sakandarrekin batera, Yamaguchiko erakusketan parte hartzeko aukeratu dituzte Alicia Otaegi, Lucho Herrera, Txon Pomes, Agustin Agirre, Juantxo Irulegi, Luis Elia, Maria Victoria Erbiti, Juan Manuel Fernandez, Pedro Arizkuren eta Cristina Del Rosso. Ibilbide profesional luzea dute batzuek eta beste batzuk, berriz, margolaritzan zaletuak dira. Batzuek nola besteek gogo biziz egin dute haien lana.Kulturen zubiErakusketari esker, japoniarrek Nafarroako artisten margolan, marrazki, argazki, collage eta beira lanak ezagutzeko aukera izanen dute. "Erakusketa bi hirien eta bi kulturetako artisten arteko zubia izan nahi du" azaldu du Orizuru galeriako arduradun Keiko Hoshinok. Kultur arteko trukearen bidez hausnarketa bultzatu nahi du Iruñeko galeriak.Asiara saltoMargolariendako aukera ederra eskaintzen du Yamaguchiko erakusketak. Izan ere, gehienendako merkatu berria da Asiakoa. Horregatik, tentu handiz hautatu dituzte margolanak. Sakandarrei dagokienez, Alvaro Mundiñanok paisajeak eramanen ditu Japoniako erakusketara. Bertan, figurazioa eta surrealismoa uztartuta daude. Itziar Nazabalek, berriz, tendentzia berrien aldeko hautua egin du.