Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bukatzear dago txirrindularien aurtengo denboraldia. Batzuendako bukatu da jada - Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo ez dira gehiago ariko, lehendabiziko biak lesioengatik eta hirugarrenak aurtengo egutegia despeditu duelako - eta gainontzeko hirurak - Pablo Urtasun, Jorge Azanza eta Imanol Erbiti - denboraldi bukaerako klasikoetan ariko dira. Horretaz gain, Imanol Erbiti Melbournen jokatuko diren Mundialetan ariko da, Espainiako selekzioarekin. Maila onaBalorazioak egiteko garaia heldu da, hortaz. Euskaltel-Euskadin dabiltzan txirrindulariek denboraldi bikaina egin dute. Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok Samuel Sanchez euren liderraren alde sekulako lana egin zuten Frantziako Tourrean, eta talde lan hori ere bikain bete dute despeditu berri den Espainiako Vueltan. Igor Anton liderra babesteko lanetan lurrera joan ziren Egoi eta Igor Anton liderra bera, eta hor despeditu zen euren abentura, baina taldeak aurrera egin zuen eta bereziki Pablo Urtasunek maila bikaina eman zuen, eta nahiz eta arazoak izan Gorka Verdugok ere lan ikaragarria egin du. Akaso apalago aritu da Jorge Azanza altsasuarra, ez baita itzuli luzeetan aritu, baina bere egitekoa bete du. Bestalde, aipatzekoa da Pablo Urtasunek Asturiaseko Itzuliko lehen etapan irabazi zuela. Euskaltelen dabiltzan lau txirrindulari sakandarrek talde laranjan jarraituko dute hurrengo denboraldian. Egoik, Gorkak eta Pablok kontratua berritua dute jada, eta badirudi Jorgek aurki sinatuko duela. Bestalde, Caisse d´Epargnen dabilen Imanol Erbiti hiriberriarrak ere gora egin du. Berriki despeditu den Espainiako Vueltan etapa bat irabazi du, eta Caissen talde gizon preziatuenetakoa da, liderraren alde lan ikaragarria egiten dutenetakoa. Caisse taldea aurten desagertuko da, baina Imanol Erbitik Eusebio Unzuék martxan jarri duen Movistar talde berrian jarraituko du hurrengo denboraldian. Arrietak agurEta azken urteak Ag2r-La Mundiale taldean eman dituen Jose Luis Arrieta txirrindulari beterano uhartearrak bizikleta utziko du aurten. Erabakia ongi hartuta omen du uhartearrak, nahiz eta Ag2r-k eurekin jarraitzeko eskaintza behin eta berriz egin. Aurten profesional moduan bere 18. denboraldia bete du Arrietak, eta bere taldeaz gain tropelean oso gizon estimatua da, eskola zaharreko txirrindularia delako, talde lan izugarria egin eta puntatik puntara izugarri profesionala delako. Urte luze hauetan maila bikaina eman du eta liderrek bere ondoan nahi zuten txirrindularia izan da, hasiera batean Baneston, eta gero Ag2r-n. Tamalez, urte honetan lesioek ez diote bakean utzi eta ezin izan du bere maila eman - Espainiako Vuelta lesioagatik utzi behar izan zuen Covadongako Lakuetako etapan - , eta pena izan da, bere ibilbidea Madrilen bukatzea merezi zuelako uhartearrak, ohore guztiekin, baina, tamalez, ezinezkoa izan da. 39 urterekin bizikleta zintzilikatzea erabaki du eta nahiz eta pena handia izan, aukeratzen duen bidea edozein dela zorte handia izan dezala. EtorkizunaBatzuk bukatu eta beste batzuk hastapenetan. Hortan dabil Olaztiko Xabier Zabalo txirrindularia. Euskaltelen filiala den Orbea talde kontinentalean aritu da olaztiarra, eta badirudi maila profesionalari tamaina hartzen ari diola, hurrengo urtean ere bertan jarraituko baitu. Ea etorkizun oparoa duen.