Gaurko greba orokorrera deitu dute UGTk eta CCOOk

Guaixe 2010eko irailaren 28a

Hilaren 10ean lan merkatuaren erreformaren behin betiko testuari oniritzia eman zion Espainiako Kongresuak. Onartutakoaren arabera hiru urte enpresa berean ari den langilea finko egin beharko du konpainiak. Bestalde, enpresa batean absentismo orokorra gutxienez %2,5 izanen da, kaleratze objektiboak egin ahal izateko. Horrekin batera, enpresa batek galerak baditu edo aurreikusten baditu, edo bideragarritasuna arriskuan jartzen duen diru-sarrera jaitsiera badu, gutxieneko kalte-ordainarekin kaleratu ahalko du (20 egun, lan egindako urte bakoitzeko). Kaleratzea objektiboa edo bidegabea den erabakitzeko azken hitza, hala ere, epaile batek izango du aurrerantzean ere. Erreformak langabezia saria kobratzen duten pertsonen kontrola ere zorroztu du. Gainera, Kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua - 33 eguneko kalte-ordaina duena - praktikan ia edonori egin ahalko zaio aurrerantzean. Pentsio sistemaren erreforma ere etorriko da ondoren.Horri guztiari aurre egiteko greba orokorra deitu dute UGTk eta CCOOk gaurko. Lan erreformaren aurka eta pentsio publikoen defentsan deitu dute lanuztea Espainiako bi sindikatu nagusiek. ArrazoiakUGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuak abiatu dituen erreformei aurre egiteko balioko du mobilizazioak. Gaurko grebaren aurretik lantokietan batzarrak egin, auto karabanak eta informazioa zabaldu dute sindikatuek. Haien esperantza da langileen mobilizazio handi batek gobernuri atzera eginaraziko diola. Sakanako CCOOko arduradun Maite Baleztenak nabarmendu duenez, "ZPren gobernuaren erreforma krudela eta basatia da. Langile guztien eskubideak hausten ditu". Baleztenak ziurtatu du "demokrazian langileen eskubideei egindako eraso handiena" dela. CCOOko buruaren iritziz "erreforma horiekin gobernuak kaleratzea errazagoa, azkarragoa eta merkeagoa bihurtzen du; lan merkatuan behin-behinekotasuna oraindik gehiago handitzen du eta lan-hitzarmenak ezerezaren pare uztean negoziazio kolektiboa ezabatzen du". Lan erreformak langile guztiei eragiten diela azpimarratu du Baleztenak. UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuak jarraitutako bidea "guztiz desegokia" dela salatu dute, hartutako neurriek krisialdia areagotu eta ekonomiaren susperraldia atzeratzen dutelako.Nazioarteko eragileek eskatutako guztia bete izana leporatu diote, bestalde, Madrilgo Gobernuari: "Europako gehiengo eskuindarrak agindutako erreforma egin ondoren, orain Europak berak dio krisia gainditzeko helburuan atzeratzen ari garela". Greba deialdia babestu ez duten sindikatu abertzaleei zuzenduta, CCOOtik adierazi dute: "greba guztioi zuzenduta dago, ez du bazterketarik onartzen. Langileen eskubideak dira defendatzen ari garenak". Beste sindikatuakELA eta LAB sindikatuek ez dute estatu mailako greba deialdiarekin bat egin. Iazko maiatzean eta aurtengo ekainean antolatutako lanuzteak sindikalgintza eredu propio bat indartzeko mugarri izan dira gehiengo sindikalarentzat, CCOOren eta UGTren estrategiarekin erabat kontrajarrita dagoen eredua. Ikuspuntu horretatik, orain Espainiako sindikatuek ezarritako jokalekura itzultzea atzera pausoa litzateke. Bestalde, lanuztera deitu dute CGT-k, CNT-k, Solidarik, LSB-USOk eta ESK-k.