Nonahi mikrofono bat hartu eta bestaldean belarri bat aurkitzeko aukera suertatzen zaizunean... zuri esker al dago hor belarria? ala belarriari esker zaude zu hor? Musikariok ez genuke ahanzturaren lizentzia autoritate osoz hartzeko aukerarik izan behar.Eszenatoki ugari zapaldu dut dagoeneko. Baina amodio kontuetan bezalaxe, zaila da lehenengoa ahaztea. Jendaurrera igo eta nahi nuena esan, oihukatu edota nolanahi adierazteko aukera eskaini zitzaidan egun hartan, inolako baldintzarik gabe. Abesti bakar bat baino ez nuen jo behar Sakanako beste talde batekin, baina ez zidan inork esan hiru minutu haiek neure bizitzaren norabidea aldatuko zutenik. Hamahiru urteko haur batek bere sormenak zerbaitetarako balio duela eta xede bat izan dezakeela ikusteko balio izan zuen aukera hark. Eta benetan pozgarria da gaur egun ere, Altsasuko gaztetxean, ehunaka gaztek aukera hori izaten jarraitzen dutela ikustea.Altsasuko gazte asanblada laurogeigarren hamarkadaren bukaeran sortu zen arren, 1990eko urriaren 5ean okupatu zen gaur egun Euskal Herria osoan eredutzat hartzen den gaztetxea. Idatzi hau 2010eko urrian kaleratuko zela jakin nuenean, ezinezkoa zitzaidan beste gai baten inguruan hitz egitea. Hogei dira, bai, asteartean Altsasuko gaztetxeak beteko dituen urteak. Hogei urte herriko sorostetxea okupatu eta alternatibaren gune bilakatu zenetik, hogei urte herriaren bihotzak lehenengo taupadak eman zituenetik eta hogei urte trabaz beteriko ibilbide luze eta emankor hau hasi zenetik."Adierazten, ezagutzen edo nabarmentzen duen zeinua" da seinalea. Eta "Hogei seinale" lelopean ekin dio ospakizunari Altsasuko herriak. Hogei urte horietako bakoitza seinale batekin parekatuz eta existentzia luze honetan zehar finkatu den izaera eta jarrera nabarmenduz. Egungo gizartean ez da komeni arte eta kulturaz norbanakoa handitzea, ez da komeni itxaropena sustatzea, ez da komeni telebista gabeko isiltasunari lekua uztea, ez da komeni elkarri begiratu eta sentitzen duguna esatea. Ez da komeni Altsasuko gaztetxeak beste hogei urte betetzea.Pello Reparaz